TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Bost eta bost, hamaika: Aiaraldea.eus-ek 5 urte

Bost eta bost hamaika. Kanpainaren irudia

Bost urtean, eskualdeko (eta kanpoko!) erreferentziako komunikabidea bihurtu da aiaraldea.eus

Aiaraldea.eus, Aiaraldeko komunikazio leihoak, 5 urte egin berri ditu. Duela bost urte zabaldu zuten leihoa Amurrioko Juan de Urrutia plazan egindako ekitaldi gogoangarrian, eta harez geroztik ez da haize freskorik faltan Bizkaia eta Araba artean kokatutako eskualdean.

Bide horretan webgune soil eta txiki bat zenak forma hartu du, sareko erreferentzia komunikatibo indartsuena bihurtzeraino Urduñatik Arrankudiagara eta Artziniegatik Orozkora zabaltzen den eskualde eder hartan. Atal berriak, kolaborazio berriak, euskarri eta itxura berriak, eta batez ere, ikusle eta irakurle berriak etengabe bildu dira euskarak eta komunikazio herritarrak urratutako bide honetan.

Webgunea ez ezik, paperaren eta uhinen aldeko apustua ere gauzatu da urteotan: Aiaraldea Irratiak bestelako irratiekin kolaborazioan eta bakarka egindako bideak fruitu ederrak eta milaka grabazio ordu utzi zizkigun eta 2013aren ondarretan erronka berri bati heldu zion Aiaraldea Komunikazio Leihoak: Aiaraldea hamaboskaria argitaratzen hasteko erronkari.

Aiaraldeko lagunak ez dira geldi egotekoak, eta ospakizun jai handia prestatzen ari dira udazkenerako. Bien bitartean, lana ere gogotik egiten ari dira, “Aiaraldea 2020” deitu dioten prozesuan, komunikabideak eta elkarteak datozen bost urteotan zer izan eta egin behar duen zehazten.

Zorionak, bada, Aiaraldeko lagunei, eta urte askotarako!!!

Info gehiago

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.