TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Flashetik HTML5era pasatzeko bi tresna

Azken hilabeteak oso konplikatuak izaten ari dira duela gutxi arte interneteko multimedia edukietarako jaun eta jabe zen Adobe Flash formatuarentzat. Hiru eratako arazoak pilatu ditu formatuak azken urteotan:

  • Flash artxiboak erreproduzitzeko beharrezko softwarea, gero eta astunagoa, ordenagailu (eta gailu mugikor asko) mantsotu edota geldiarazteko bestekoa.
  • Formatuaren izaera itxi eta jabeduna.
  • Askoren pazientzia agortu duena, denborarekin biderkatzen joan diren segurtasun eta pribatutasun arazoak.

Elementu horien baturak, eta batez ere, uda aurretxoan antzemandako segurtasun eta pribatutasun zulo larriek, erabaki potoloak eragin dituzte interneteko hainbat eragile handiren artean. Erabaki horien artean, bada bat hedabideoi bereziki eragiten diguna: duela aste batzuetatik hona, Firefox eta Chrome nabigatzaileek Flash artxiboak defektuz blokeatzen dituzte, segurtasun eta pribatutasun arriskuak saihesteko.

Horren ondorioetako bat da, gaur-gaurkoz, hedabide digitalen erabiltzaile askok ezin dituztela Flash formatuko bannerrak ikusi. Erraz aurreikusi daiteke, gainera, gero eta gehiago izango direla, formatu horren aurkako ahotsak gero eta gehiago direnez gero.

Urteetan, Flash formatua asko erabili izan da interneteko publizitaterako, animazio samurrak eta interakzio maila handia ahalbidetzen duelako. Gaur egun, ordea, bada hori dena eskaintzen duen formatu irekia, askoz ere arinagoa eta aparteko erreproduktorerik behar ez duena: HTML5 delakoa. Esan bezala, estandar irekia da, gaur egungo nabigatzaile gehienek onartzen dutena, eta ez du aparteko gehigarri edo plugin-ik eskatzen. Animazioak, soinua, bideoa eta abarrak erreproduzitzeko ere erabil daiteke.

HTML5ekin saltseatzeko tresna pare bat

Panorama ikusita, interneten dabilen edozein hedabiderentzat urgentea da HTML5 erabiltzen hastea. Eta horretarako, hona lehen pausuak ematen hasteko baliagarri suerta daitezkeen bi tresna. Biak Googlerenak, eta biak ere doakoak.

Google SwiffySwiffy

Bezero batek banner bat bidali du Flash formatuan, eta badakizu horrela zure irakurleen erdiek ez dutela ikusiko. Swiffyk ezin errazago bihurtuko ditu HTML5 formatura bertara igotzen diren SWF flash artxiboak. SWFa webgunera igo eta HTML5era itzuliko dizu Swiffyk, edozein gailu eta nabigatzailetik ikusi ahal izateko moduan. Bestela, Adobe Flash editorea erabiltzen baduzu, Swiffy gehigarri gisa ere erabil dezakezu, konbertsioa Flash editoretik bertatik egiteko.

Google Web Designer

img3FileBaina konbertsioa baino, behar duzuna HTML5 formatuko iragarkiak sortzea baldin bada, Googlek horretarako ere badu doako tresna bat. Google Web Designer Windows, Mac eta Linux sistemetarako aplikazio bat da, estilo horretako aplikazioen antzekoa. Zerotik hasita zein aurrez kargatutako txantiloiak erabiliz, erraz samar sortuko dituzu oinarrizko banner eta irudi animatuak.

Doako tresnak izanda, seguruenik ez dira merkatuan dauden onenetakoak, baina HTML5arekin esperimentatzen hasteko abiapuntu egokia izan daitezke, eta, Swiffyren kasuan, larrialdiren batetik ateratzeko irtenbide azkarra ere bai.

Eta zuek? Ezagutzen al dituzue mota honetako bestelako tresnak? Izan al duzue ezustekorik Flash formatua dela eta ez dela? Esperientziak konpartitzeko irrikatan gaude! 🙂