TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Hemen da Gurean.eus: euskarazko komunikabide berri bat

Gurean.eusek TOKIKOM osatzen duten 60 toki komunikabideen edizio digitaletako edukiak batu eta gaika antolatuta eskaintzen ditu.

  • Euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi zara, Gurean zara.

  • Gertuko errealitatearen leiho globala eskaintzen du, gizartea, ekonomia, kultura, kirola eta eguneroko gaien bitartez.

ANDOAIN, 2017/03/28,- Euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi zara, Gurean zara. Horrela aurkezten da Gurean.eus, euskal errealitate lokalaren leiho globala izatea helburu duen hedabide berria.

Gurean.eus-ek TOKIKOM osatzen duten 60 komunikabideen edizio digitalek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu, komunikabide jeneralisten ohiko sailetan antolatuta: gizartea, ekonomia, kultura, kirolak, politika, ekitaldiak, euskara….

Gainera, sarean dagoen elkarlanerako gune irekia ere izan nahi du, gai berberaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronika eta analisiei zein TOKIKOM osatzen duten komunikabideen 250.000 ohiko irakurle eta erabiltzaileen iritzi eta aportazioei esker.

Gurean.eus – Elkarrizketa from Tokikom on Vimeo.

Gurean.eus sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki mugikorretatik kontsultatua izateko, nahiz eta tablet edo pc bidez irakurtzeko ere prestatuta dagoen. Gure artean informazio lokala emateko orduan aurki dezakegun hutsune garrantzitsua betetzera dator.

Hemen da Gurean.eus: euskarazko komunikabide berri bat 1“Gure mundua, bisioa eta ideiak handiago egin nahi ditugu, guztion artean integratzaileagoa eta hobeto informatua den oraina eraikitzeko.” —azaldu du TOKIKOMeko Zuzendariak, Alaitz Artolazabalek— “Abiapuntua sinplea da: TOKIKOMeko toki komunikabideen sareak informazio kopuru erraldoiak sortzen ditu egunero, beste inongo mediok eskaini ezin dezakeen kapilaritate mailaz gainera. Gurean-eus-en atzean dagoen ideia da herriz herri, auzoz auzo sortutako eduki hori guztia batu eta erakusleiho berri batean ematea, tokiaren arabera baino, gaiaren arabera ordenatuta. Horrela, egunerokotasunaren ikuspegi guztiz ezberdina erakutsi ahal izango diogu publikoari, gertutasunean oinarrituta, ohiko medioen agendatik kanpo geratzen diren gaiak azaleratuz”.

“Gureani esker” —dio Artolazabalek— “hainbat komunikabidetan sortzen diren albisteak eta haien tratamendua ia momentuan jarraitzea ahalbidetzen digun tresna boteretsua daukagu, zeharka, nolakoak garen, nola pentsatzen eta sentitzen dugun ere erakutsiko diguna”.

Gurean.eus aktibo dago jada eta bazkideak diren komunikabideetako zein TOKIKOMekin erlazioa duten hainbat webgunetatik ere sartzeko aukera egotea aurreikusten da, horretarako sortutako widget batzuen bitartez. Informazio hori, gainera, bere webgunean gehitu nahi duen beste edonorentzat ere eskuragarri dago, https://gurean.eus/info/widget/ orrialdeak eskaintzen dituen aukeren bidez.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.