TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Kalean da Ttap, euskarazko aldizkari digital interaktiboa

Anbotok, Baleikek, Goienak, Bartzelonako Esguardek eta TOKIKOMek euskarazko komunikabide berri bat sortu dugu: Ttap aldizkariak bere zero zenbakia aurkeztu du KELER Donostian, euskal kultura eta komunikazioaren munduko
ordezkaritza zabal baten aurrean.

Monika Belastegi Ttap

Monika Belastegi da Ttap aldizkariaren zuzendaria

Irakurri, ukitu, ikusi, entzun… ttap egin!

Berez, aldizkaria da Ttap, eta asteroko maiztasunarekin argitaratuko da irailetik aurrera. Baina ez du batere paperik gastatuko: aldizkaria %100 digitala da, eta sakelako zein tabletetatik irakur daiteke.

Irakurri baino zerbait gehiago ere bai: Ttap erabat multimedia da, eta edukiak hainbat formatu eta euskarritan landuko ditu, azken erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Testuekin batera, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak ere eskainiko ditu, erabiltzaileak erabakitzeko noiz zer eduki jaso nahi duen. Irakurri ez ezik, Ttap ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke.

Hain zuzen ere, hortik datorkio izena aldizkari berriari: ingelesez ‘tap’ esaten zaio ukimen pantailan eragiteari, eta euskarazko itzulpen egokirik topatu ezinda, ingelesezko hitz horri bustidura gehitu eta ‘euskalduntzea’ erabaki zuten. “Horrela, aldizkari berria ez ezik, kontzeptu berria ere ekarri nahi diogu euskal publikoari”.

Kontsumo azkar eta urbanoa

Edukiari dagokionez, Ttapek gertuko gaiak landuko ditu, modu erraz eta azkarrean kontsumitzeko moduan. “Batez ere inguru urbanoan eta/edo garraio publikoan kontsumitzeko egingo dugu Ttap, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat” azaldu du aldizkariaren zuzendariak, Monika Belastegik.

Ttapen zenbaki bakoitzak 16 orrialde izango ditu, eta gutxi gorabehera ordu laurden batean irakurri ahal izango da. Hala ere, edukietan sakondu nahi duenak, beti izango du audio eta bideo elkarrizketa luzeagoak eskura. Bideo eta audio horiek mimo handiz egingo dira, azken produktua kalitate handikoa izan dadin.

Aldizkariak bi edizio izango ditu momentuz, bat Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan, eta kolaboratzaile zerrenda zabal eta anitza: Pilar Kaltzada, Ander Izagirre, Hasier Hilario, Izaro Andres, Joseba Barandiaran, Arantxa Urretabizkaia, Unai Iturriaga, Joseba Sarrionandia, Lara Izagirre, Arantza Santesteban…

Euskal Herria eta Katalunia

Aldizkari digital berria Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlanaren emaitza da. Ttap hainbat komunikabideren artean sortu dute: Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Goiena (Debagoiena), TOKIKOM eta Esguard aldizkaria (Bartzelona).

Ttapen oinarria den Esguard aldizkari digitalak sei urteko ibilbide oparoa du Katalunian: denbora horretan, 300 zenbakitik gora argitaratu ditu, eta astero-astero 15.000 deskarga inguru izaten ditu. Haren editoreak, Germà Capdevilak, azaldu duenez: “publikoak oso ondo erantzun dio Katalunian formatu berri honi, eta aspalditik genuen gogoa esperientzia Euskal Herrira ere ekartzeko. Desiatzen gaude euskal publikoak zer harrera egiten dion ikusteko, eta ziur gaude ona izango dela. Esguarden azken urteotan pilatutako esperientzia Ttapen eskura ere jarri dugu zalantzarik gabe, proiektua zerotik abiatu beharrik ez izateko”.

Zero zenbakia eta zozketa

Ttapen lantaldeak azaldu duenez “lan handia egin dugu zero zenbakia prestatzeko, eta irrikatan gaude jendeak deskargatu eta iritziak jasotzeko”. Zero zenbakia jaso nahi duenak, ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazioa deskargatzea besterik ez du. Aplikazio horrek kiosko moduan funtzionatuko du, eta zero zenbakia zein aurrerantzean kaleratzen diren guztiak deskargatu ahalko dira bertatik.

Aldizkari berriaren jaiotza ospatzeko, zozketa berezi bat ere prestatu dute argitaratzaileek: abuztu bukaera bitartean, aukera izango da SPC Heaven tablet baten zozketan parte hartzeko, aplikazioa deskargatuz eta haren berri emanez, ttap.eus webgunean dauden pausuei jarraiki.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.