TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Kazetaritza mugikorraren aukerak eta erronkak aztergai urriaren 22an, TOKIKOM Jardunaldietan

Bi urtean behin egiten dugun bezala, TOKIKOMek TOKIKOM Jardunaldiak egingo ditu urriaren 22an, EiTB taldearekin elkarlanean. Edizio honetan MoJo edo kazetaritza mugikorra eta publizitatearen alorreko erronka tekniko eta legalak izango ditugu hizpide.

Kazetaritzaren alde mugikorra azpimarratu nahi izan dugu aurtengo edizioan: alde batetik gailu mugikorrek informazioaren ekoizpen nahiz kontsumo aldetik eragiten duten aldaketagatik, eta bestetik publizitatean sortzen ari diren joera eta marko juridiko berrien erronketara egokitzeak dakarkigun jarrera dinamikoagatik.

Eta hain justu, dinamikotasunaren isla da aurtengoan, jardunaldietan egongo diren ponentzietan jasotako ezagutzan sakontzeko eta osatzeko antolatuko diren MoJo (Mobile Journalism) tailerretan parte hartzeko egongo den aukera.Kazetaritza mugikorraren aukerak eta erronkak aztergai urriaren 22an, TOKIKOM Jardunaldietan 1

Mugikorra eta kazetaritzaren etorkizuna

Jakina da sakelako telefonoen erabilerak goitik behera eraldatu duela informazioa kontsumitzeko modua. TOKIKOMen kasuan, adibidez, toki komunikabideetako webguneen bisiten %60 baino gehiago gailu mugikorretatik etortzen dira, eta portzentaje hori astiro baina etengabe hazten doa, gainera.

Baina informazioa kontsumitzeko ez ezik, informazioa ekoizteko modua ere eraldatzen ari da mugikorren eraginez. Hori dela eta, TOKIKOMek hainbat aditu gonbidatu ditu Jardunaldiotara, mugikorrak kazetaritza lanetarako nola aprobetxatu ondo azaltzeko.

Hala, RTVEko prestakuntza arduradunak, Santiago Hernándezek, mugikorrak kazetarien lan fluxuan txertatzeko hainbat esperientziaren berri emango du.  Goiena Komunikazio Taldeak ere adibide praktikoekin erakutsiko du nola erabiltzen ari diren gailu mugikorrak eduki multimedia sortzeko. Eta kazetaritza mugikorrean aditua den Ana Lopezek Instagram eta sare sozialen erabilera profesionalaz jardungo du.

Publizitatea: erronka teknikoak eta legalak

Kazetaritza bezalaxe, publizitatearen mundua etengabe eta oso azkar aldatzen ari da, eta horri ere heldu nahi diote Jardunaldiek. MEDIASAL agentziako planifikazio buruak, Asier Izturietak, publizitatearen munduan sortzen ari diren formatu eta euskarri berriez jardungo du, adibide praktikoetan oinarrituta. Bestalde, IAB – International Advertising Bureau erakundeko Zuzendari Juridikoak, Paula Ortizek, Europako GPDR araudi berriak publizitatearen munduan duen eraginaz eta bizi gareneko eskenatoki digital konplexuak publizitate eta negozio ikuspegitik sortzen dituen egoera berrien inguruan ere jardungo du.

Arratsaldean, MoJo tailer praktikoa

Goizeko hitzaldi eta ponentzien ostean, arratsaldean zati praktikoa etorriko da, eta RTVE Institutuko formazio buruak, Santiago Hernandezek, tailer teoriko praktikoa eskainiko du, mugikorrarekin irudiak jaso, editatu eta zabaltzeko software eta hardware tresnen inguruan.

TOKIKOM SARIAK 2018TOKIKOM Sariak

Goizeko saioan zehar, TOKIKOM Sarien hirugarren edizioko sari banaketa egingo da. Sari horiekin, TOKIKOMek toki komunikabideetako lanik onenak eta euskarazko publizitate kanpainarik onenak ere saritu eta ezagutarazi nahi ditu.

EiTBren Bilboko egoitzan

TOKIKOM Jardunaldiak, esan bezala, urriaren 22an izango dira, EiTBren egoitzan, eta izen ematea zabalik dago urriaren 19ra arte. Informazio gehiago eta izen ematea, jardunaldien webgunetik bertatik.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.