TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

TOKIKOMek Plataforma Digitalaren bertsio berria estreinatu du, gailu mugikorrak xede

Joan den astelehenean Bilbon egindako TOKIKOM Jardunaldietan iragarri bezala, TOKIKOMek, toki komunikabideen bateraguneak, bere Plataforma Digitalaren bertsio berria estreinatu du. Toki komunikabideen edizio digitalak egiteko tresnaren bertsio berriak gailu mugikorrak ditu helburu nagusitzat, edukiak gailu haietatik kontsumitu zein sortzea erraztea xede.

Funtsezko azpiegitura euskarazko hedabideen panoraman.

TOKIKOM Plataforma 2013. urtean sortu zuen TOKIKOMek, CodeSyntax enpresarekin elkarlanean. “Tresna bat eskaini nahi genien toki komunikabideei, euren beharretara egokitutakoa eta etengabe berrituko zena, alde batetik medio txikien presentzia digital duina errazteko, eta beste batetik edukiak, teknologia, inbertsioak eta alor digitaleko estrategia ere partekatzea erraztuko zuena”, azaldu du Joxe Rojasek, TOKIKOMen Komunikazio eta IKT Zuzendariak. “Harez geroztik, 17 komunikabidek bat egin dute proiektuarekin, eta gure aurreikuspena da hilabete gutxiren buruan 20 izatera iristea”.

Rojasek azaldu duenez, TOKIKOM Plataforma, denborarekin “funtsezko azpiegitura bihurtu da euskarazko hedabideen panoraman: euskarazko hedabide digital ez-publikoen heren bat baino gehiago TOKIKOM Plataformaren gainean eraikita daude. 2018ko urtarriletik irailera bitartean, EiTB ez besteko euskarazko medio digitalei egindako bisita guztien %37 Plataformaren gainean osatutako webguneetara izan ziren (6.507.788 bisita guztira)”.

Hekimeneko trafikoaren tarta

Gailu mugikorrak gogoan

Plataformaren bertsio berriak dakarren berrikuntza nagusia kontzeptukoa da. “2013ko bertsioa diseinatzean, gure helburua zen Plataformarekin egindako webguneak ondo ikustea ordenagailuko pantailan eta, responsive diseinuaren bidez, mobiletan ere ondo ikustea. Oraingoan alderantziz planteatu dugu: mobiletan bikain ikus dadila, eta pantaila handian ‘ere’ txukun”, azaldu du Rojasek. Une honetan, Plataformako bazkideen webguneetako trafikoaren %66tik gora dator gailu mugikorretatik, eta ehuneko etengabe haziz doa: %4,5 eta %15 2016tik.

Horrez gain, multimedia edukiaren karga eta bisualizazioa azkartu egin da, eta online publizitateko azken estandarrak ere txertatu dira diseinuan, publizitatea hobeto segmentatu eta erakutsi eta irakurlearentzat ere eroso eta esanguratsuagoa izan dadin.

TOKIKOMek Plataforma Digitalaren bertsio berria estreinatu du, gailu mugikorrak xede 1Plataforma eraberritzeko proiektuaren zuzendaritza teknikoaz Codesyntaxeko Asier Sarasua arduratu da. “Mugikorrak lehenesteko aukera hori, batez ere webguneen itxura grafikoan igarriko dute erabiltzaileek: hiru zutabeko diseinu batetik zutabe bakarreko diseinura pasatu gara, eta lehen alderik alde zabaltzen ziren menuak orain atzamarraz erraz maneiatzeko moduko ‘hanburgesa estiloko’ botoietan bildu ditugu. Orrialdeen karga arintzeko aldaketa teknikoak ere egin dituzte, eta diseinua garbitu eta sinplifikatu. Administrazio gunean ere aldaketak egiten ari dira, kazetariei errazteko albisteak mugikorretik zuzenean argitaratu ahal izatea.

Azpiegitura modularra eta bateratua

Horrez gain, irakurleentzat hain nabarmenak ez diren aldaketa tekniko sakonagoak egin dituzte Plataforman, helburu bikoitzarekin: alde batetik, komunikabide bakoitzak askatasun gehiago izatea bere webgunearen diseinua aldatu eta egokitzeko, teknikarien laguntzarik gabe, eta beste alde batetik, sistemaren azpiegitura teknikoa bateratzeko. “Bateratze horrek aldaketa teknikoak egitea erraztuko digu, eta horrela orain arte baino askoz ere erraz eta azkarrago egin ahal izango ditugu aldaketak eta berrikuntzak, Plataformako webgune guztietan batera”.

Elkarlanean sortua

Plataformaren bertsio berria toki komunikabideek, TOKIKOMek eta Codesyntaxek diseinatu dute elkarlanean. Bost hilabeteko prozesu bat izan da, 15ean behineko bilerekin, ideiak azaldu, horiek teknikoki garatu, kontrastatu eta behin-behineko forma emateko. TOKIKOMetik nabarmentzen dute prozesua oso azkarra eta emankorra izan dela. Lan asko eskatu badu ere, emaitza, Plataformaren bertsio berria, produktu borobila da eta “TOKIKOMen barruan dauden tamaina eta profil ezberdinetako komunikabideei erabat egokitzeko modukoa”.

Gaur Goiena, eta hurrengo asteotan besteak

Plataforma berria erabiltzen lehenengoa Debagoienako Goiena Komunikazio Taldea izan da. “TOKIKOMeko komunikabideen artean handiena eta konplexutasun tekniko gehien duena da, eta Plataformak hari erantzuteko prest uzteak bermatzen digu beste guztiei ere balioko diela”. Datozen asteotan Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike eta Iruñeko Euskalerria Irratia pasatuko dira sistema berrira, migrazio osoa urtarrila bukaera alderako burutu arte.

Integrazio digitalerantz

TOKIKOMen arduradunek azaldu dutenez, Plataformaren bertsio berria lehen urratsa da toki komunikabideentzako tresnak elkarrekin integratzeko estrategia batean. Hala, hurrengo hilabete eta urteotan, TOKIKOMek ahaleginak egingo ditu toki komunikabideen offline eta online edizioak elkarrekin konektatu, eduki trukeak erraztu, artxibo komuna sortu eta antolatu eta lan prozedurak estandarizatzeko. “Horrek aukera emango digu egiten dugun lan guztiari orain baino askoz ere zuku gehiago ateratzeko”.

 

Plataformako webguneak

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.