TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Hauteskunde emaitzen jarraipena TOKIKOM Plataforman

hauteskunde atala maxixatzen

Hauteskunde tresnaren orrialde nagusia, Azkoitiko Maxixatzen.eus webgunean

TOKIKOM Plataforma toki komunikabideentzako tresna bat da, interneteko edizio digitala erraz eta azkar argitaratzeko hainbat aukera ematen dituena. Plataforma euskarazko 20 toki komunikabidek erabiltzen dute gaur-gaurkoz, eta euskarazko komunikabide digital ez-publikoen trafikoaren %37 inguru sortzen du, Hekimenen datuen arabera. Plataforma TOKIKOMek eta CodeSyntax informatika enpresak sortu dugu elkarlanean, eta 2018an goitik behera eraberritu genuen, 2013. urtean sortu genuenetik aurkitutako hutsak konpondu eta mugikorren garai berriotara egokitzeko.

Eraberritze prozesua bukatuta, Plataformari funtzio berriak gehitzeko garaia iritsi da. Lehen berrikuntza hauteskundeetako emaitzen jarraipena egiteko tresna sorta bat izan da, asteburu honetako Udal, Foru eta Europako Hauteskundeetako emaitzak hobeto erakutsi eta ulertzeko baliagarri izatea espero duguna.

Tresna berriak Hego Euskal Herrian azken urteetan egin diren hauteskundeen emaitzak kontsultatzeko aukera ematen du, datuen inportazio masiboan egindako ahaleginari esker. Emaitzak hauteskundeka ikusi daitezke (hauteskunde bakoitzean alderdi bakoitzak izandako emaitzak), baina baita alderdika ere, hots: alderdi jakin baten bilakaera urtetik urtera izandako hauteskunde deialdietan zehar.

Toki komunikabideak izanda, datuak, gainera, herriz herri zein eskualdeka batuta ikus daitezke, eta erabiltzaileak bi hauteskunderen arteko konparazioak ere egiteko aukera badu. Grafiko eta mapa aukera zabala ere sor daiteke, emaitzak era bisualagoan konparatu ahal izateko.

Hauteskundeetarako tresna hau gehienbat toki komunikabideetako kazetarientzat pentsatuta dagoen arren, norbanako erabiltzaileek ere erabilgarri dute, TOKIKOM Plataforma erabiltzen duten webgune gehienetan:

CodeSyntaxeko lagunek tresnari buruzko informazio tekniko gehiago argitaratu dute Sustatu.eus atariko sarrera honetan.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.