Hala, Alanu di Megliok, Kortsikako unibertsitateko “Korsikako kultura eta hizkuntza” arduradunak, kortsikeraz jardungo duten kazetari profesionalak formatzeko abian jarri dituzten ikasketa programen berri eman du.
Korsikako hizkuntza zuzendariak, Bernard Ferrarik, berriz, hedabideek hizkuntzaren gizarteratzean eta normalizatzean duten garrantzia aipatu, bertako korsikeraz diharduten hedabideen mapa azaldu eta etorkizunari begira baliabideak non jartzearen inguruan jardun zuen.
Valentziatik ere, Joan Carles Simók, À Punt Mèdia komunikazio espazioaren hizkuntz baliabideen zuzendariak hartu zuen hitza, hizkuntzaren estandarizazioak duen garrantzia azpimarratuz.
Euskal ordezkaritzari dagokionean, Estibailz Alkortak, Euskara sustatzeko zuzendariak, euskararen egoeraren inguruko kontestualizazio markoa definitu ondoren, hedabideen finantziazio eredu berriaz jardun zuen.
TOKIKOMeko Zuzendari Nagusiak, Alaitz Artolazabalek, hizkuntza sustatzeko helburu horretan elkarlanak duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen TOKIKOMen martxan jarritako zenbait proiekturen adibideak azalduz (inbertsio partekatuak, formazio bateratua, edizio sistema, bideo-artxibo bateratua, web plataforma bateratua…) eta Goienako zuzendari den Iban Arantzabalek, muinean ko-kudeaketa, gertutasuna eta beregaintasun soziopolitikoa dituen hedabidearen eredua azaldu zuen.