TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

TOKIKOMen ordezkaritza Korsikan asteburuan, Linguimondi jardunaldietan

Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta, TOKIKOMen ordezkaritza bat Korsikako Corti hirian izango da asteburuan, Linguimondi jardunaldietan. Korsikako Lurralde Kontseiluak 2011z geroztik antolatzen ditu jardunaldiok, Europako hizkuntz aniztasuna aztertzeko xedez, eta aurtengo edizioan Korsikerak bertako hedabideetan izan dezakeen garapena izango dute aztergai.

linguimondi 2019 logoa

Kontestu horretan, Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta, Alaitz Artolazabal eta Iban Arantzabalek euskarazko toki komunikabideen jardunaren nondik norakoa azalduko dute jardunaldiotan: Alaitz Artolazabalek euskarazko tokiko hedabideek osatzen duten enpresaren berri emango du, elkarlanerako dagoen enpresa kultura azpimarratuz: inbertsio partekatuak, formazio bateratua, edizio sistema, bideo-artxibo bateratua, web plataforma bateratua…

Iban Arantzabalek, berriz, hedabide baten kasu praktikoa agertuko du eta landuko dituen ideia nagusiak izango dira: ko-kudeaketa, gertutasuna eta beregaintasun soziopolitikoa.

Eusko Jaurlaritzak ere hitza hartuko du Linguimondin: Euskara Sustatzeko Zuzendariak, Esti Alkortak, hedabideekin azken bi urteetan landu eta lortutako itunaz jardungo du, eta ekimen publiko-pribatua batera joatearen garrantziaz.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.