TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Urumeako Kronika.eus ere, TOKIKOM Plataformarekin

Kronika.eus TOKIKOM Plataformara pasatu da

ARGAZKIA: CodeSyntax

Urumeako Kronika.eus egunkariak ere TOKIKOM Plataforma erabiltzen hasi da asteon. Horrenbestez, dagoeneko 21 agerkari digital dira TOKIKOMek, CodeSyntaxek eta toki komunikabideek eurek elkarlanean sortutako tresna informatiko hau erabiltzen dutenak.

TOKIKOM Plataforma 2013n sortu zuten TOKIKOMek eta CodeSyntaxek, toki komunikabideek presentzia digital duina mantentzeko egin behar zituzten ahaleginak bateratu eta arrazionalizatzeko tresna gisa. Komunikabideetako bakoitzak bere webgune propioa garatzen ibili beharrean, pentsatu genuen azpiegitura teknikoak, beharren inguruko gogoetak eta inbertsioak ere elkarbanatzea, edozein toki komunikabide handi zein txikiren beharrei erantzuteko gauza izango zen sistema modular bat garatzeko, komunikabideen beraien ezaugarri eta beharretatik abiatuta.

Hala, pixkanaka-pixkanaka, gero eta komunikabide gehiago joan dira TOKIKOM Plataformaren familiarekin bat egiten eta, Kronikaren inkorporazioarekin, gaur egun 21 dira bertatik bertara sortutako sistema erabili ez ezik, garatzeko ideia eta ekarpenekin aberastu egiten dutenak. 2018ko eraberritze lan sakonen ostean esan genuenez, TOKIKOM Plataforma azpiegitura estrategikoa bilakatu da euskal hedabide digitalen ekosisteman, Hekimenen batzen diren hedabide ez-publikoen interneteko trafikoaren %37 sortzen duelarik.

Kronika.eus, parte hartzaile eta multimediagoa

Kronikari dagokionez, astelehenetik igandera egunero-egunero argitaratzen den tokiko egunkariak astinaldi ederra eman dio bere webguneari Plataforman sartzean, eta alde teknikotik ez ezik, izaera aldetik eraldaketa bat egiteko baliatuko du. Kronikako lagunek eurek azaldu dutenez, TOKIKOM Plataformak eskaintzen dituen aukerak baliatu nahi dituzte kronika.eus parte hartzaileagoa bilakatzeko eta, inguruko joerei jarraiki, eduki multimediari presentzia handiagoa emateko.

Ongi etorri, bada, Kronika, familiara, eta osasunez urratu jostailu berria!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.