EiTBk, Topaguneak eta TOKIKOMek Euskaraldiak martxan duen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenean modu bateratuan parte hartzea adostu dute. Hala, eta aurretik sinatuta duten lankidetza hitzarmena praktikan jarriz, EiTBk eta TOKIKOMek bi film emitituko dituzte asteazkenean, apirilak 29, aldi berean, euskarazko aisialdiko produktuen kontsumoa bultzatzen laguntzeko:
- Gartxot: konkista aitzineko konkista 2011. urtean Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren agindupean egindako animaziozko filma da. Asisko Urmenetaren Gartxot komikian oinarritutako filma da, Arturo Kanpionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko Bardoa liburutik abiatutako komikia.
- Elkano: lehen mundu bira berriz, 2019an estreinatutako animazio filma da, Angel Alonsok zuzendua. Jose Antonio Vitoria eta Garbiñe Losadak Juan Sebastian Elkanoren ibileratan oinarritu zuten filmerako egindako gidoia.
Emisio bateratuak ondoko telebistetan ikusi ahal izango dira:
- 16:00etan “Elkano: lehen mundu bira” ETB3, 28 kanala, Erlo telebista, Goiena Telebista, Goierri Telebista, Hamaika Telebista, Kanaldude, Xaloa eta Oizmendi Telebistan eskainiko da. Telebistaz ez ezik, EiTB Nahieran eta TOKIKOMeko webguneen bidez ere ikusi ahal izango da lehen film hau.
- 21:00etan “Gartxot” filma berriz, Erlo telebista, Goiena Telebista, Goierri Telebista, Kanaldude, Xaloa eta Oizmendi Telebistan ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Etxealditik Euskaraldira ekimenak bezalaxe, hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatz, eta “euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko” eta “euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko” bat egin dute telebistek.
“Asteazkena ‘ikuslearen eguna’ izan ohi denez, zinera joan beharrean, zinea etxera ekartzea zen ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimenaren baitan, herritarrei luzatu behar genien proposamena”, aurreratu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk. “TOKIKOM, EiTB eta Topagunearen eskutik datorren proposamenak egun horretako planteamendua borobildu eta osatu egiten du”.