TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Prest dugu Xuxen zuzentzaile ortografikoa eta hitz zatikatzailea Adobe InDesign 2021erako

TOKIKOMek, Elhuyarrekin elkarlanean, instalazio artxibo berria argitaratu berri du, Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa eta hitz zatikatzailea Adobe InDesign 2021 diseinu grafikoko programarekin erabili ahal izateko.

Aurrekoak bezala, bertsio berria Elhuyarrek eta IXA taldeak garatutako Xuxen zuzentzaile ortografiko ezagunaren 5.1 bertsioan oinarritzen da, eta zuzenketa ortografikoak zein hitz zatiketa egiteko software libreko Hunspell sistema erabiltzen du. Adobe InDesign programaren azken bertsioarekin erabil daiteke, 2021 bertsioarekin alegia, eta macOS sistema eragilearekin. Instalatzailea dohainik deskargatu daiteke TOKIKOMen webgunetik bertatik.  Bertan, aipatutako bertsio berriaz gain, Xuxen zuzentzailea eta hitz zatikatzailea Adobe InDesign CS6, CC2017, C2018, CC 2019 eta 2020 bertsioekin instalatzeko artxiboak ere aurki daitezke.

Onarpen zabala

TOKIKOMek 2018an ekin zion bere bazkideen paperezko aldizkariak sortzeko tresnak estandarizatzeari, eta haren ondorioz sortu zen InDesign programarako euskarazko zuzentzaile eta zatikatzailea eskuratzeko beharra. Elhuyarrekin elkarlanean, eta islandierazko bertsioaren erabiltzaileek izandako esperientziatik abiatuta, TOKIKOMek barne kontsumorako tresna txiki baina erabilgarria garatu, eta euskal komunitate osoaren eskura jarri du.

Hala, 2019ko abendutik, Xuxen InDesign programaren bertsio ezberdinekin erabiltzeko instalatzaileak 380 aldiz deskargatu dira, 312 enpresa eta norbanakoen ordenagailuetara. Erabiltzaile horien artean aurki daitezke komunikabideak, noski, baita, besteak beste, diseinu eta komunikazio agentziak, argitaletxe txiki zein handiak, unibertsitateak, erakunde publikoak, museoak eta unibertsitateak ere.

TOKIKOMeko Komunikazio eta IKT Zuzendariak, Joxe Rojasek, azaldu duenez: “Urtea hasi zenetik, etengabe jaso ditugu InDesign 2021 bertsioaren inguruko galderak, argi dago halako tresnen behar handia dagoela, eta tira, hortxe gure ekarpena. Guretzat poz handia da berez barne kontsumorako sortutako tresnatxo honek euskarazko argitalpenak sortzen dihardutenen lana erraztea”.

Artxiboak deskargatzeko lotura eta informazio gehiago: https://tokikom.eus/xuxen

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.