TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

TOKIKOM Sariak 2021. Komunitatearen Saria bozkatzeko epea zabalik

Martxan dago TOKIKOM Sarien seigarren edizioa, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Sariok TOKIKOMek antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Urtero  bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Maria Gonzalez Gorosarrik eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 57 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

Komunitatearen saria

Joan den urtean bezala, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen Saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz.

Bederatzi lan finalistak zeintzuk diren, TOKIKOMen zein bere sareko komunikabideen webguneetan ikus daiteke. Bozketa egiteko aukera ere webgune horietan izango da zabalik urriaren 20ra arte.

TOKIKOMetik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. TOKIKOMeko Komunikazio Arduradunak, Joxe Rojasek, azaldu duenez, “alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin”.

Sari banaketa eta jardunaldiak

TOKIKOM Sarien banaketa azaroaren 12an izango da, tokiko komunikabideen erronken inguruko jardunaldi batzuen baitan. Ekitaldiaren inguruko xehetasunak laster jakinaraziko dira.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.