TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

TOKIKOM Sariak: Komunitatea Josten, azaroaren 12an

TOKIKOMek azaroaren 12an banatuko ditu 2021eko TOKIKOM Sariak, seigarren urtez jarraian, euskarazko toki komunikabideen lan bikaina gizarteratu eta aldarrikatzeko asmoz. Azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onenaren saria emateaz gain, publikoak bozketa bidez erabakitako Komunitatearen Saria ere emango dugu ekitaldian. Aurkeztu diren 57 lanen artean, epaimahaiak bederatzi finalista aukeratu ditu sari horiek eskuratzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Maria Gorosarrik eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatu dute eta, nabarmendu dutenez, “igarri da pandemiak aukera eman duela lanketak era pausatuago batean egiteko”.

ARGAZKIA: DONOSTIA, Sareak josten kaian. CC-BY-SA 2010 Mertxe Iturrioz, moxola@flickr. https://labur.eus/moxola

ARGAZKIA: DONOSTIA, Sareak josten kaian. CC-BY-SA 2010 Mertxe Iturrioz, moxola@flickr. https://labur.eus/moxola

Komunitatea josten jardunaldia

Sariak emateko ekitaldia probestuz, TOKIKOMek euskarazko komunikabideetako profesionalei zuzendutako jardunaldi bat ere antolatu du. Komunitatea josten izenburuarekin, tamaina ezberdineko komunikabideen zein komunikabide horien eta haien publikoaren artean komunitatea osatu eta harremanak estutzeko aukerak aztertuko ditugu, nazioarteko adituen eskutik. TOKIKOMeko zuzendari Alaitz Artolazabalek munduan gertatzen denari adi egotearen garrantzia azpimarratu du: “Ekartzen ditugun profesionalekin dugun harremanak erakutsi digu badugula nondik ikasi”.

BBCren Local News Partnerships egitasmoa

Alde batetik, BBC irrati-telebista publikoak Britainia Handiko toki komunikabideekin garatzen ari den Local News Partnerships egitasmoaren berri izango da, egitasmoa zuzentzen duen Matthew Barraclough-en eskutik. TOKIKOMek eta EiTBk denbora daramate egitasmo hori aztertzen, Euskal Herrian antzeko ekimenen bat abiatzeko aukerak baloratzeko.

Eldiario.es-en kidetza programa

Madrilgo eldiario.es egunkari digitala ezaguna da mundu mailan bere kidetza programa arrakastatsuagatik. Nagusiki digitala den komunikabideak lan bikaina egin du bere kideen figura garatzeko, harpidedun soilaren figura gainditu eta benetako komunitate baten parte izan daitezen. Kidetza programa zuzentzen duen Esther Alonsok emango du haren berri xehetua.

Het Belang van Limburg. Euskarri anitzeko planteamendua

Flandriatik, Het Belang van Limburg egunkari hiperlokalak ere lanketa sakona egin du kideen figura uztartzeko lantzen dituen euskarri ezberdinekin: papera, webgunea eta aplikazioa. Bertako kide den Arno Schepersek azalduko ditu xehetasunak jardunaldian.

Azaroaren 12an, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan

TOKIKOMek EiTBren laguntzaz eta Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesaz antolatu ditu sarien seigarren edizio hau eta ekitaldia bera. AIpatu bezala, jardunaldia azaroaren 12an izango da, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Sarrera doakoa izango bada ere, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, segurtasun protokoloak betetzeko. Izen ematea eta ekitaldiaren inguruko informazio xehea TOKIKOMen webgunean topa daiteke.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.