TOKIKOMek azaroaren 11n egingo du TOKIKOM Sariak banatzeko ekitaldia, ArantzazuLAB aretoan. Sariketaren aurtengo ekitaldia berezi samarra izango da, komunikazio taldeak bere sorreraren 10. urteurrenarekin lotu nahi baitu.
Kazetaritza lanak baino, komunikazio proiektuak
TOKIKOM Sarietan toki komunikabideen kazetaritza lanak saritzen dira normalean. Aurtengo edizioan, berriz, “Elkarrekin bidea eginez” leloaz, hamar urte hauetan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko dira, TOKIKOMeko bazkideen artean dagoen aniztasuna eta egiten den lan eskerga aldarrikatzeko asmoz.
10 urteko errepasoa, ikus-entzunezko dokumental batean
Sariak banatzeaz gain, TOKIKOMek aukera aprobetxatuko du taldearen 10 urteko historia laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat estreinatzeko. Dokumental horretan euskarazko toki komunikabideak batzen dituen taldeak orain arte egindako ibilbidea kontatuko da, ibilbide horretan zuzenean parte hartutako lekukoen azalpenen bitartez.
Barne-gogoetarako foroa
Horrez gain, goizean zehar hainbat mahainguru izango dira, TOKIKOM osatzen duten toki komunikabideen arteko iritzi trukea sustatzeko, sektoreak hurrengo urteetarako mahai gainean dituen erronkak ardatz hartuta: TOKIKOMen beraren izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, komunikabideen finantzazioarekin lotutako erronkak, digitalizazioak dakartzan aukera berriak… Mahainguru horietan, taldea osatzen duten komunikabideen esperientziak eta espektatibak ere landuko dira.
Ospakizun publikoa, 2023an
Aurreko edizioetan ez bezala, 2022ko TOKIKOM Sarien ekitaldia gehienbat barrura begirako topaketa izango da, taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeari begira. Hamargarren urteurrenaren ospakizun publikoa egiteko, taldea beste ekitaldi handiago bat prestatzen ari da, 2023ko lehen hiruhilekorako.
76 komunikabide
Gaur-gaurkoz, 28 bazkidek osatzen dute TOKIKOM, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Guztira, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan, %58 emakumezkoak, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen dira. Gaur-gaurkoz, TOKIKOM taldeko edizio digitalen trafikoa euskarazko medio ez-publikoak batzen dituen Hekimen elkarteko guztien %63 da.