TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

TOKIKOM Bartzelonan izango da astebururan, “Dia de la Premsa Comarcal” ekitaldian

Joan den astean 10. urteurrena bazkideekin ospatu ondoren, TOKIKOMen ordezkaritza bat Bartzelonara joango da asteburuan, Kataluniako tokiko prentsaren elkarteak, ACPC-k, bere 40. urteurreneko ospakizunen barruan antolatutako “Dia de la Premsa Comarcal” topaketan parte hartzeko, Kataluniako, Balear Uharteetako eta Valentziako toki komunikabideen elkarteekin batera.

Bi eguneko egitaraua

Topaketa ostiral arratsaldean hasiko da, bertaratutako elkarte eta talde guztiak elkar ezagutu eta iritziak trukatzeko tarte batekin. Guztira, sei entitatek hartuko dute parte:

  • Associació Catalana de Premsa Comarcal (antolatzailea)
  • Associació Premsa Forana de Mallorca
  • Associació de Premsa Local de Menorca
  • Associació de Premsa Comarcal Valenciana
  • Associació de Mitjans Digitals de la Comunitat Valenciana
  • TOKIKOM

Ostiralean, azaroak, 18 lurralde bakoitzeko errealitateak ezagutu eta konparatzeko eguna izango da. Testuinguru horretan, TOKIKOMek bere tresna digitalen mapa aurkeztuko du, UKTko Gorka Zabaletaren eskutik. Bide batez, itzulpen automatikoko teknologiaren demo txiki bat ere egingo du, ORAI NLPko Igor Leturiaren laguntzaz.

Jarraian, toki komunikabideen publizitate merkatuaren inguruko mahainguru bat izango da ACPCko Sita Vilaró eta Xavier Jimenez, Tirabol-eko CEO Joan Camp, eta TOKIKOMeko Zuzendari Nagusi Alaitz Artolazabalen parte hartzeaz.

Dia de la Premsa COmarcal 2021

2021eko topaketaren irudi bat

Larunbatean, berriz, topaketak digitalizazioan jarriko du arreta, bi gai nagusirekin: edizio digital eta analogikoen arteko harremana eta bizikidetza, batetik; eta adimen artifizialak tokiko prentsan joka dezakeen papera, bestetik. Testuinguru horretan, UAB unibertsitateko Santiago Tejedor i Cristina-k ACPCren ikerketa saria irabazi duen lana aurkeztuko du: “La Intel·ligència Artificial. Futur de la premsa del territori?”. Jarraian, Joxe Rojasek TOKIKOMen adimen artifizialeko tresnak aurkeztuko ditu, eta, Valentziako toki komunikabideen elkartetik, Sergio Sanchis-ek paperaren eta digitalaren arteko bizikidetzaz jardungo du, beti ere toki komunikabideen esparruan.

Amaitzeko, Nació Digital-en editoreak, Marc Baste-k egunkari digitalak errentagarri egiteko moduez jardungo du. Jardunaldia Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko presidenteak, Xavier Xirgo-k itxiko du.

Guztira, TOKIKOMeko dozena bat lagunek bidaiatuko dute Bartzelonara, talde teknikoa eta bazkideen ordezkariak kontuan hartuta. Aukera paregabea izango da beste batzuengandik ikasi eta TOKIKOMek egin duena ere beste batzuei erakusteko.

Topaketaren egitarau osoa (PDF)

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.