TOKIKOM toki komunikabideen bateragunea da, eta helburu nagusietako bat du euskarazko toki komunikabideak sustatzea. Hori dela eta, TOKIKOM SARIAK ematea erabaki zuen 2016n, toki komunikabideen lana gizarteratu eta publikoki aitortzeko asmoz.

Helburuak

Aipatu bezala, bi dira TOKIKOM Sarien helburu nagusiak: euskarazko toki komunikabideen lana ezagutaraztea alde batetik, eta lan horren balioa publikoki aitortu eta aldarrikatzea.

Kategoriak

Guztira lau sari emango dira:

Portada onenaren saria

Paperezko argitalpen batek editatuko portada onenaren saria. Sari horretarako, besteak beste, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

  • Portadaren beraren diseinua.
  • Argazki, irudi eta bestelako elementu grafikoen balio estetiko eta-edo artistikoa.
  • Portadaren balio informatiboa (eta-edo iritzi mailakoa, hala balegokio).

Ikus-entzunezko onena

Kategoria honetara aurkeztu ahal izango dira edozein euskarritan argitaratutako ikus-entzunezko lanak (bideo zein audio erreportajeak, grafiko interaktiboak, infografiak…). Saria emateko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

  • Kalitate teknikoa
  • Balio informatiboa
  • Tokiko ikuspegia eta haren balio erantsia
  • Alderdi estetikoa

 

Eduki onenaren saria

Kategoria honetan komunikabideek landutako edozein eduki informatibo aurkeztu ahal izango da, euskarria edozein dela ere. Albistea, erreportajea zein elkarrizketa izan liteke, idatzizkoa, irudi bidezkoa zein ikus-entzunezkoa. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan saria ematerakoan:

  • Gaiaren trataera
  • Balio informatiboa
  • Tokiko ikuspegia eta haren balio erantsia
  • Erabilitako euskarriari dagokion hizkuntzaren erabilera (idazkera, lokuzioa, muntaia…. egokia izatea).
  • Alderdi estetikoa

Komunitatearen saria.

Kategoria honetan parte hartuko dute sariketara aurkeztutako lan guztiek, aurrez aipatutako edozein kategoriatara aurkeztuta ere. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko hiru finalista izendatuko ditu, eta finalista horien guztien artean erabakiko da Komunitatearen Saria, publikoak emandako bozken arabera. Bozka horiek TOKIKOMek martxan jarri eta nahi duten komunikabide guztietan argitaratu ahalko den bozketa orria erabiliko da.

Sari horiez gain, epaimahaiak AIPAMEN BEREZIAK egin ahalko ditu aurreko kategoriatan erabat sartu ez arren, aipagarri iruditzen zaizkion lanak publikoki aitortzeko.

Parte hartzaileak

Saria jaso ahal izango dute tokiko informazioa lantzen duten euskara hutsezko komunikabideek, TOKIKOMeko bazkide izan zein ez. Sari honetarako, lurralde historiko, eskualde edo herri mailako estaldura duten komunikabideak hartuko dira tokikotzat, euskarri fisikoa eta maiztasuna edozein dutela ere.

Sariketan parte hartu ahal izango dute komunikabide horietan 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean argitaratutako lanek. Proposamenak bidaltzen dituztenek frogatu beharko dute proposatutako lanak benetan argitaratu direla tarte horretan.

Lanak aurkezteko prozedura, epeak eta baldintzak

Sariketan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da proposamenak bidaltzea epaimahaiari. Proposamen horiek lanaren egileak berak zein beste medio edo partikular batek aurkez ditzake, honako prozedura honi jarraituz:

  • Prentsa idatzian argitaratutako lanen kasuan, proposatutako lanaren PDF artxibo bat bidali beharko da, eta/edo haren LAU kopia inprimatu.
  • Agerkari digitaletan argitaratutako testuen kasuan, propsatutako lanaren URLa bidaliko da, eta/edo haren LAU kopia inprimatu.
  • Ikus-entzunezko lanen kasuan, proposatutako lana ikusi edo entzuteko URLa, eta/edo artxiboaren LAU kopia, CD/DVD edo beste euskarri fisiko banatan. Artxiboen kopia fisikoak bidaliz gero, bidaltzailearen erantzukizuna izango da bidalitako artxiboak edozein ordenagailutan irakurtzeko moduko formatu batean egotea.

Medio bakoitzak gehienez hiru proposamen aurkeztu ahal izango ditu kategoria bakoitzean lantzen duen euskarri bakoitzeko.

Proposamenarekin batera, fitxa labur bat bidaliko da, honako datu hauek jasoz:

  • Proposamena egiten duenaren izen-abizenak (edo izen soziala) eta kontaktatzeko modua.
  • Lana zein saritarako proposatzen den
  • Proposatutako lanaren izenburua
  • Proposatutako lana zein komunikabidetan eta noiz argitaratutakoa den
  • Proposamenaren arrazoiak: zer meritu edo ezaugarri ikusten zaion proposatutako lanari, sariotara aurkezteko.

Lanak nora bidali

Lanak bidaltzeko lehenetsitako bidea TOKIKOMek bere webgunean horretarako propio sortutako galdetegia izango da. Galdetegia helbide honetan topa daiteke:

https://tokikom.eus/sariak/2021/proposamenak

Beste bide hauek ere onartuko dira. Gogoratu kasu guztietan, proposamenarekin batera hari buruzko informazioa bidali behar dela.

  • Posta elektronikoz: lanak posta elektronikoz bidaliz gero, artxiboek ezingo dute 10Mbko tamaina gainditu. Helbide honetara bidali beharko dira: sariak@tokikom.eus 
  • Posta arruntez: honako helbide fisiko honetara ere bidali ahal izango dira proposamenak:

TOKIKOM Sariak
Bilbo-Galdakao errepidea 10, 3. solairua
48004 Bilbo (Bizkaia)

 

Lanak bidaltzeko epea

Lanak helbide horietan jasotzeko azken eguna 2021eko irailaren 10a izango da.

Epaimahaia

TOKIKOMek komunikazioaren alor profesional eta akademikoko hiru lagunek osatutako epaimahai bat eratuko du. Epaimahaiak sariak erabakitzeko eskumen osoa izango du, eta erabakia apelaezina izango da.

Sariak eta sari banaketa

Epaimahaiak hiru finalista aukeratuko ditu kategoria bakoitzeko, eta haien artean saridun bana.

Finalista guztiek diploma jasoko dute, eta saridunek garaikurra. Diplomak zein sariak aurkeztutako lanak argitaratu direneko komunikabideentzat izango dira.

Finalistek zein sairdunek TOKIKOMek sariaren inguruan antolatzen duen komunikazio kanpainan parte hartzeko aukera izango dute. Saria jasotzeko, ezinbestekoa izango da TOKIKOMek 2021eko azaroan antolatuko duen ekitaldian presente egotea.

Saritutako lanen jabetza

TOKIKOMek ez du inolako jabetza eskubiderik eskuratuko, ez aurkeztutako ezta saritutako lanen gainean. Hala ere, bere egiten du lanok berrargitaratzeko eskubidea, beti ere jatorria aipatuz.

Behar tekniko edo logistikoak tarteko, TOKIKOMek arau eta baldintza hauek alda litzake, aldez aurretik abisatu gabe.

Sariketan parte hartzeak aurreko baldintza guztiak onartzea dakar.

 

Antolatzailea

Babesleak