TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

GEURIA.INFO eta TOKIKOMen arteko hitzarmena

Akordioa sinatzen

Markel Onaindia (GEURIA.INFO), Urko Aristi (TOKIKOM), Xabier Zabala (GEURIA.INFO) eta Koldo Zarate (GEURIA.INFO), akordioa sinatzen

TOKIKOMek eta Athletic–i buruzko GEURIA.INFO agerkari digitala argitaratzen duen Zurigorriak Euskaraz Kultur Elkarteak hitzarmena sinatu dute, elkarren arteko edukiak trukatu eta publikoari eskaintzen dioten informazioa aberasteko.

Hitzarmenaren arabera, TOKIKOMeko toki komunikabideek GEURIA.INFOk landutako edukiak argitaratu ahal izango dute eta, aldi berean, GEURIA.INFOk ere gauza bera egin ahal izango du toki komunikabideek Athletic-i buruz landutako albisteekin. Horrela, boluntarioek elikatzen duten GEURIA.INFOk zabalkunde handiagoa lortuko du edukiak zabaldu zein jasotzeko orduan, toki komunikabideen hedapen zabala aprobetxatuz. Horrez gain, hitzarmenak jasotzen du TOKIKOMek laguntza teknikoa ere eskainiko diola GEURIA.INFOri, alde tekniko eta burokratikoan batez ere.

Hitzarmena gaur formalizatu bada ere, lankidetza dagoeneko bizirik dago, eta horren adibide da Geuria.info eta Uriola.eus atariaren artean lantzen dabiltzan dokumentala, aurtengo Errege Kopako finalaren aitzakiaz. Jokalari ohien, sortzaileen eta zaleen iritziak jasoko ditu, eta hurrengo egunetan egongo da ikusgai.

P1030940

Zurigorriak Euskaraz Kultur Elkartea 2014an sortu zen, hedabideen arloan balio bi zabaltzeko asmoz: Athletic Cluben inguruko zaletasuna eta euskara. Horretarako, geuria.info agerkari digitala sortu du, Bilboko taldearen egunerokotasuna euskaraz jasotzeko. Elkarteko presidentea den Xabier Zabalak azaldu duenez, Athletic eta euskara “Bizkaiko zein Euskal Herriko gizartearen oinarrietako batzuk dira, eta balio horiek maitatzeak eragin du elkartearen sorrera. Ez dira hedabide asko Athleticen inguruan euskaraz dihardutenak. Baina Athletic zaleen artean bada esparru euskaldun zabal bat, eta horretara iristea da gure asmoa. Gainera, futbolaren indarra eta Athletic Clubek gizartean daukan eragina kontuan hartuta, uste dugu gure lanarekin euskararen normalizazioan eragin dezakegula. Bokazio horrekin jaio da elkartea”.

TOKIKOMeko presidente Urko Aristik ere ildo berari jarraitu dio: “euskarazko toki komunikabideen helburu nagusia euskararen sustapenean eragitea da, eta alde horretatik oso hurbil sentitzen gara GEURIA.INFOtik. Gure oinarrietako bat euskal hedabideen arteko lankidetza da, eta hitzarmen hau oso onuragarria izango da alde biontzat: toki komunikabideok askoz informazio xeheagoa eskaini ahal izango diegu Athleticzaleei, eta GEURIA.INFOk agerikotasun handiagoa lortuko du lantzen dituen edukitarako. Gainera, ez dugu batere zalantzarik elkar ezagutu eta harremanetan egoteak ere aukera berriak sortuko dituela alde bientzat”.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.