2012an TOKIKOM legez eratu genuenean, argi geneukan pausu horren garrantzia gure arteko integrazioa ahalbidetzeko eta euskal hedabideen ekosistema garatzeko.
Horretarako, ordea, gogoeta behar zen. Eta gogoetak erakutsi du lankidetzaren gainean eraiki daitekeela euskal hedabideen etxea: beheko solairuan toki komunikabideak TOKIKOMen saretuta, kalearekin konektatuta, eta goiko solairuan hedabide orokorrak. Eta igogailuak gora eta behera, edukiak garraiatzen. Egitura funtzional hori litzateke Euskal Herrian antolatu daitekeen komunikazio talderik handiena.
Gogoetan hasteko Jardunaldia egin genuen 2012ko ekainean, eta lanean aritu gara geroztik dokumentu bat osatzeko. Bidean lagun izan ditugu Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean Ikus-Entzunezko Komunikazio Saila eta Haritz Solupe teknikaria. Halaber, gogoetaren dokumentuan txertatu dugu Hekimen elkartearen ekarpen bat Euskal Hedabideen Behatokiaz. Eta erakundeak ere izan ditugu bidelagun eta babesle: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Lankidetzarako tresna gisa eskaintzen diegu gure lana euskal hedabideei eta erakunde publikoei. Jarraian topa dezakezue harekin lotutako materiala: