2017ko urriaren 17an, Euskadiko publizitate agentzia eta marketing zuzendari nagusienetako 60 batu ziren Bilboko Euskalduna Jauregian, Googlek, TOKIKOMek, Kabiak eta Only Media Webek deituta. Bilkuraren helburua Euskadiko marketin digitalaren eta euskarak alor horretan duen erabileraren inguruko gakoak eta datuak konpartitzea zen.
Google, Marketing digitala, euskara eta toki komunikabideak Euskadin izenburupean, hiru hizlarik ideiak, datuak eta adibide praktikoak eman zituzten, euskaraz irakurri, bizi pentsatu eta sentitzen duen publikoarekin modu eraginkorrean konektatzeko.
Euskara, emozionatzeko
-
Hala, Kabiako Maitane Urrutikoetxeak arrakasta kasuak azaldu zituen, hala nola Bilboko Udalak urtero antolatzen dituen gazteentzako kultur zirkuituak. Gainera, euskarak publiko euskaldunarengan alde emozionaletik eragiteko duen balioa ere azpimarratu zuen.
Mikrouneak
-
Googleko Eddie Hollandek, berriz, Googlek eskaintzen dituen tresnak aurkeztu zituen, eta negozioak sortu zein finkatzeko orduan 'mikrouneek' daukaten garrantzia.
Atenditu gabeko publikoa
-
Eta azkenik, TOKIKOM eta Only Media Weben izenan, Xavier Jiménezek errepaso zabala eman zion Euskadiko publizitate digitalaren egoerari. Horretarako, besteak beste, honako iturriak erabili zituen: IABren 2016ko txostena, Espainiako publizitate digitalaz; Google Adwordsen Euskadiko metrikak bigarren hiruhilekoan, TOKIKOMen inbentarioaren banaketa geografikoa azken urtean; eta euskararen erabileraren hazkunde aurreikuspena.
Besteak beste, ondorio nagusia da Euskadiko biztanle helduen %34k kontsumitzen dituela euskarazko edukiak, eta nabarmena dela publizitate merkatuak ez duela audientzia horrentzat pentsatu eta egokitutako kanpaina digital nahikorik sortzen.
Merkatu euskalduna hazten ari da, eta hamar urteren buruan euskal populazio osoaren %45 izango da. Datuak argiak dira zentzu horretan: Googlen %6 hazi dira euskarazko bilaketak, eta haietatik, %59 gailu mugikorretatik egin dira.
Bestalde, datuek adierazten dute mito hutsa dela euskararen erabilera handiagoa dela hirietatik kanpo. haren erakusgarri, TOKIKOMeko medio digitalen bisita gehien Donostian eta Bilbon egiten dira.
Publizitatearen sektorea oro har hartuta, medio digitalak dira urtero bi digituko hazkundea duten bakarrak, besteak mantendu edo beherantz doazen bitartean. Paradigma aldaketa argi baten aurrean gaude.