TOKIKOMen barruan 220 lagunetik gorako lan-talde batek dihardu egunero-egunero, herriz herri eta auzoz auzo banatuta: kazetariak, argazkilariak, diseinatzaileak, audio eta bideo teknikariak, informatikariak, administratzaileak, kudeatzaileak, komertzialak, banatzaileak... Denak ere helburu bakar batekin: irakurle. erabiltzaile eta ikus-entzuleei gertuko informazioa euskaraz, kalitatez eta zintzotasunez eskaintzea, norbere auzo, herri edo eskualdea leku hobea egiteko. Eguneroko lanak eta erabakiak hiru batzorde teknikoren bidez bideratzen ditugu, lan-talde teknikoaren eta bazkideen ordezkarien artean elkarlanean.

Teknologia

Batzorde Teknologikoaren zeregina antena teknologiko gisa funtzionatzea da: komunikabideetan IKTak erabili eta inplantatzeko dauden joerak aztertu, eta joera horiek TOKIKOMeko komunikabide bazkideen errealitatera egokitzeko proposamenak egitea.

Gainera, bere lanaren zati handi bat TOKIKOMek eskaintzen dituen tresna teknologikoen jarraipena eta garapena egitea da, garatzaileekin batera: TOKIKOM Plataforma, Tokimedia multimedia zerbitzaria eta TOKIKOM Edizio Sistema bateratua.

Publizitatea eta zerbitzuak

Publizitate Batzordeak komunikabide bazkideen produktu eta zerbitzuak komertzialki ustiatzeko, eta bezero potentzialen beharrei erantzuteko modu berriak bilatzen ditu, ohiko publizitate kanala hedatuz eskaintza eta pakete berrien bidez, zein komunikazio produktu berriak garatuz.

TOKIKOMeko komunikabideek sare komertzial bakarra osatzen dute orain: haietako edozeinek jardun dezake beste guztien izenean, TOKIKOM kanal bateratuaren zerbitzu komertzialak sustatzen.

Kudeaketa

Kudeaketa Batzordeak taldeko komunikabide bazkideen kudeaketa eta administrazio zerbitzuak hobetu eta profesionalizatzeko lan egiten du. Euskalitekin lankidetzan, Kudeaketa Aurreratua ezartzeko aurrerapausoak egiten ari gara guztion artean, lana azkarrago eta eraginkorrago egin ahal izateko.

Erabaki organoak

Hiru lan batzorde horiez gain, beste hiru organo nagusi arduratzen dira TOKIKOMen estrategiari dagozkion erabakiak hartu eta ibilbidea finkatzeaz.

Batzar Orokorra

TOKIKOM Batzar Orokorra 2021

TOKIKOMen 2021eko Batzar Orokorra. ARGAZKIA: Jokin Bereziartua (Goiena)

TOKIKOMen aginte organo gorena da. Bazkide guztiek osatzen dute, sozietatearen gainean duten partaidetza kopurua beste botorekin. Kudeaketa planak, balantzeak eta aurrekontuak onartzea, Presidentea eta Administrazio Kontseilua izendatzea eta bazkide berriak onartzea dira, besteak beste, bere zereginak. Urtean behin biltzen da eta, lantzean behin, ezohiko bilerak ere egiten ditu, gai edo erabaki zehatzak aztertzeko.

Administrazio Kontseilua

Batzar Orokorrak izendatutako bazkideen ordezkariek, TOKIKOMen presidenteak eta lan-taldeko hainbat lagunek osatzen dute, zuzendari eta idazkari lanak egiteko. Hilero biltzen da, eta bere zeregin nagusiak dira Batzar Orokorrak onartutako kudeaketa plana burutzea zein proiektu eta estrategia berriak proposatzea. Gainera, TOKIKOMen erabaki organorik gorena da, Batzar Orokorren artean.

Zuzendaritza Batzordea

TOKIKOMen saileko zuzendariek osatzen dute, Zuzendari Nagusiarekin batera, eta astero biltzen da Batzar Orokorrak zein Administrazio Kontseiluak onartutako planen egoera gainbegiratu eta haien exekuzioa gainbegiratu eta burutzeko. Gainera, proiektu eta ekintza lerro berriak proposatzen dizkio Administrazio Kontseiluari bazkide eta bezeroengandik jasotako eskaeretan oinarrituta.

Presidentea

Iban Arantzabal Arrieta

Iban Arantzabal, TOKIKOMeko presidenteaIban Arantzabalen hasierako ikasketak zientzietatik joan ziren, baina magisteritzan lehenengo eta euskal filologian gero, letrak ezagutu zituen. Gerora bueltatu zen, behin lanean hasi ostean, numeroetara. Horrela egin zituen "Kooperatiba enpresetako kudeaketan kurtso aurreratua” MU, Enpresa zientzietan, eta ondoren, MBA Executive masterra. Gaur egun kudeaketa du ofizio Goiena Komunikazio Taldean eta pozik dago  kooperatibako lan bazkide eta jabekide izateaz. Ez da batere zaila dagoen lantaldearekin.

Bestelako proiektuak: Espaloia Kafe Antzokian 10 urte kooperatibako presidente, Euskaliteko ebaluatzaile, Irrati programa bi Arrasate Irratian, Euskal Herriko Ahotsak zuzendaritzan, Badihardugu, Goibeko Euskaltzaleen Topagunean zuzendaritzan, Topagunean 10 urte zuzendaritzan egona, Susa literatura, Gaztelupeko Hotsak, Hekimen, Marimaistra, Tabakalerako 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiaren abiatze prozesuan 2019-2020... Beste enpresa batzuetako zuzendaritzan ere badu partea Tokikomez gain: Batura Mobile, Batu Banatu, Abao komunikazio agentzia, Arteman, Alea, Shopping eta ADM, esaterako. Eta TOKIKOMeko administrazio kontseiluko kide ere bada sorreratik bertatik.