TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Alea.eus eta Plaentxia.eus, TOKIKOM Plataformara

Urte berriarekin batera, webgune berriak ere estreinatu dituzte hainbat bazkidek. Hala, Soraluzeko Plaentxia.eus eta Arabako Alea.eus ere eraberrituta ikus daitezke egunotan, biak ere TOKIKOM Plataforma Digitalarekin bat egin baitute.

palentxia.eus pantaila irudiaPlaentxia.eus, 9 urte eta gero hau

Aurten 9 urte beteko dituen plaentxia.eusek Komunitatea izeneko atala sortu zuen iaz ,eta dagoeneko herriko 30 talde eta erakunde baino gehiagok erabiltzen dute euren jardunaren berri herrian zabaltzeko. Plataforma berriak erraztasun handiagoak emango dizkie komunitateko kideei informazioa jasotzeko eta gainera, agendan euren ekimenen berri zuzenean argitaratzeko aukera ere izango dute. Datozen egunetan plataforma berria erabiltzeko trebatuko dituzte dagoeneko kide diren taldeetako ordezkariak, eta komunitatera kide gehiago txertatzen jarraituko dute. Helburua, herritarrei euskarazko informazioa helaraztea, beste inork baino modu osatuagoan eta azkarragoan.

Alea.eus, Arabako informazioaren euskarazko erreferentea

alea.eus pantaila irudiaAraban berriz, guztiz berria da Araba osoko informazioa euskara hutsez ematen duen alea.eus agerkari digitala: larunbatean urtebete izango da Gasteizko GEU elkarteak, Berria egunkaria eta Goiena Komunikazio taldearekin batera, sustatutako Alea astekariaren lehenengo zenbakia argitaratu zenetik. Astero ia mila harpidedun zuzen inguruk jasotzen dute aldizkaria eta beste 800 irakurlek Berria egunkariaren bitartez egiten dute. Oraingoan, lurraldeko euskarazko komunikabide bakarrak apustu multimedia egin eta atari digital berria jarri du martxan.

Alea.eus-ek orain arte Hirinet.net ataria betetzen zuen lekua hartuko du. 2012. urtean GEU elkarteak Gasteizen euskarazko komunikabideen esparruan zegoen hutsunea betetzeko sortu zuen webgunea, 2009an GEU aldizkaria desagertu zenetik ez baitzegoen hirian euskarazko hedabiderik. Hilean batez beste 8.000 bisita inguru eta urtean 50.000 bisitari bakar jasotzen dituen Hirinet ataria Alea bilakatuko da hemendik aurrera. Modu honetan, Araba osoko informazioa eskainiko du webguneak eta herritarrei ahotsa emango die Komunitatea atalari esker, non erabiltzaileek euren eduki propioak elkarbanatzeko aukera izango duten. Horrekin batera, Araban egiten diren euskarazko jarduera guztiak biltzen dituen Euskararen Agenda eskainiko du atariak. Saioa Fernandez de Aranguiz Hirineteko arduradunaren esanetan (eta hemendik aurrera atal berriaren kudeatzailea), “inguruan gertatzen denaz euskaraz informatuta egon nahi duten arabarrentzat erreferentzia” bilakatzea lortu nahi du Alea.eus atariak. Horrez gain, Alea egitasmo komunikatiboa osatzen duen eta borondatezko kolaboratzaileek ekoizten duten Alea FM euskara hutsezko irratsaioa emitituko da astero Radio Vitorian, asteartetan 17.00etatik 18.00etara. Guztira, 30 lagun baino gehiagok borondatez parte hartzen dute Alea proiektuan.

Honezkero 12 agerkari TOKIKOM Plataforman

Bi inkorporazio berri hauekin, honezkero 12 dira TOKIKOM Plataformarekin egindako agerkarien sarea osatzen dutenak. Sare hori etengabe haziz doa, eta printzipio nagusi batean oinarritzen da: konpartitzea. Agerkari hauek teknologia bera konpartitzen dute, eta elkarlanean erabakitzen dute nola joan behar duen garatzen, ahalegin tekniko eta ekonomikoak optimizatuz. Eduki mailan ere, sareak aukera ematen die sortutako edukiak webgune batetik bestera azkar eta erraz mugitzea.

 

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.