TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Toki komunikabideek ere, komunikazio ez-sexista egiteko konpromisoa

TOKIKOMeko kideen familia argazkia, kodearen sinadura ekitaldian

TOKIKOMeko kideen familia argazkia, kodearen sinadura ekitaldian

EAEko 51 hedabide eta publizitate agentziek, tartean TOKIKOMek eta bere bazkide diren 8 komunikabidek, Komunikazio eta Publizitate ez sexistarako kode deontologikoa sinatu dute. Emakunderen barruan dagoen Begira publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko aholku-batzordeak sustatu du ekimena.

Otsailaren 26an Lehendakaritzako egoitzan burututako sinadura ekitaldian, Josu Erkoreka Gobernuko bozeramailea eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria izan ziren lekuko eta baita sinatzaile, 51 hedabide eta publizitate agentzietako ordezkariekin batera. Toki komunikabideei dagokienez, TOKIKOMek berak eta ondoko komunikabide hauek egin dute bat kodearekin:

Kode deontologikoak indarrean dauden legearekin bat datozen konpromisoak biltzen ditu, hainbat arlotakoak:

  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna
  • Emakumeen aurkako indarkeria
  • Publizitatearen eta kazetaritzaren autoerregulazioko eta deontologia-printzipioak
  • Bazterkeria eza, emakumeen ikusgaitasuna eta aniztasuna
  • Estereotipoen desagerpena
  • Indarkeriarik gabeko bizitza
  • Erakundeetako enpresa-egituraren barneko berdintasuna.

Kazetaritza

Komunikazioaren atalean, hedabideek honako konpromiso hauek hartu dituzte: arlo eta eremu guztietan emakumeen protagonismoa sustatzekoa; emakume eta gizonen aniztasun osoa erakustekoa; elkarrizketetan eta artikuluetan emakumeei eta gizonei trataera bera ematekoa; emakumeen biktimizazioa baztertzekoa eta emakumeak gizarte-eragile aktibo gisa ere erakustekoa; albisteetan erakusten diren eragile aktibo gehienak gizonak izatea zuzentzekoa eta bi sexuei ikusgaitasun eta garrantzia zuzena ematekoa; emakumeen aurkitzen dituzten oztopoak eta arazoak eta gizartean betetzen dituzten rolak erakustekoa. Ez hori bakarrik, emakumeen gainean ematen den ikuspegia distortsionatzen dutelako, fisikoari, sexu-erakargarritasunari eta janzkerari buruzko aipamenak saihesteko konpromisoa ere hartu dute; eta era guztietako emakumeen eta gizonen gorputza erakustekoa, askotariko edertasun-ereduak sustatzekoa –ez bakarrik perfekzioan oinarritutakoak–, hizkuntza ez-baztertzailea eta emakumeak ikusezin egiten dituena ez erabiltzekoa eta genero-ikuspegia erantsita duten informazioa bultzatzekoa.

Publizitatea

Publizitateari dagokionez, agentzia sinatzaileek era guztietako gizonak eta emakumeak erakusteko konpromisoa hartu dute, hau da, askotariko rolak eta jokabideak dituztenak, estereotipoak alde batera utzita, hizkuntza ez-sexista erabilita eta emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako irudi eta adierazpen guztiak ukatuta. Halaber, askotariko edertasun-ereduak sustatzeko, emakumeen gorputzak apaingarri edo sexu-objektu huts gisa ez erabiltzeko, neskatoen sexualizazioa saihesteko eta emakumeak produktu farmazeutikoen edo osasunarekin lotutako produktuen hartzaile nagusi ez erakusteko konpromisoa hartu dute.

Azkenik, gizarte-talde gutxituak edo baztertuak ordezkatzeko konpromisoa hartu dute, baita sexualitate guztiak jasotzen dituzten mezuak erabiltzekoa ere, alegia, jarrera lesbofoboak, homofoboak eta transfoboak transmititzen dituzten edukiak saihestekoa.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.