TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

TOKIKOMeko 18 aldizkarik edizio sistema bateratua ezarri dute, lana era ordenatu eta profesionalagoan egiteko

Hainbat hilabetetako lanaren ondoren, TOKIKOMen sarea osatzen duten 18 aldizkarik edizio sistema bateratua ezartzen amaitu dute egunotan, beraien arteko koordinazioan eta profesionalizazioan urrats historikoa emanez.

Edizio sistema bateratua martxan jartzeko, TOKIKOMeko herri aldizkariek hainbat aurrelan ere egin behar izan dituzte, denek ere haien arteko eduki trukea erraztu eta argitaratzen dituzten produktuen kalitatean eragin zuzena izango dutenak.

TRESNEN ESTANDARIZAZIOA

Hasteko eta behin, edizio sistema bateratua martxan jarri ahal izateko, aldizkari guztiak diseinu eta maketazio programa eta bertsio berbera erabiltzen hasi dira. Horrela, aurrerantzean askoz errazagoa izango da aldizkarien artean edukiak trukatzea, jarraipen komuna eskatzen duten gaiak ateratzen direnean. Tresna beraren gainean lan egiteak, gainera, aukera berriak ekarriko dizkie tokiko aldizkariei: formazio saio komunak, mantenu informatikoa konpartitzeko aukera…

DISEINU KOMUNAK

TOKIKOMeko 18 aldizkarik edizio sistema bateratua ezarri dute, lana era ordenatu eta profesionalagoan egiteko 1

Sistema aldaketa aprobetxatuz, aldizkarietako batzuek diseinua ere aldatu dute, formatu komun batera pasatuz-

Tresna estandarren gainean lan egitearen abantailak aprobetxatuz, aldizkarietako batzuek diseinua ere berritu eta bateratzeko aprobetxatu dute. Diseinu eta maketazioagatik hainbat sari jaso dituen GOIENAren laguntzaz, diseinu-liburutegi erraldoi bat osatu dute, nahi duten aldizkariek erabil dezaten. Horrela, aldizkari batzuk orain arte erabiltzen zuten maketazio ‘amateurra’ baztertu, eta haren ordez irizpide tekniko eta artistiko profesionalekin sortutako diseinuak erabiltzen hasi dira, azken produktuaren kalitatea nabarmen hobetuz. Bide batez, diseinu mailako estandarizazio horrek asko erraztuko du lana publizitatea bezalako alorretan, aldizkari horiek aurrerantzean iragarkietarako neurri berdinak erabiliko dituztelako.

SARE AZPIEGITURA ETA ARTXIBO KOMUNA

Azpiegitura aldetik ere, TOKIKOMek eta aldizkariek ahalegin handia egin dute garai eta lan molde berrietara egokitzeko, eta sare eta interkonexio azpiegitura konplexua ezarri dute, aldizkariak haien artean eta zerbitzari zentral batekin etengabe konektatuta egon daitezen. Hari esker, aldizkari bakoitzeko langileek erredakziotik zein kanpotik lan egiteko aukera izango dute, eta gainera, aldizkarietako bakoitzak klik batez partekatu ahal izango du bere materiala sareko gainontzekoekin. Eduki hori testu zein irudi gordinak izan daitezke edo, maketaziorako tresna berriei esker, guztiz bukatutako orrialdeak ere bai.

Partekatze hori errazteko, artxibo sistema komun bat ere jarri dute martxan aldizkariek. Aurrerantzean, aldizkari guztiek ekoizten duten edukia, izan testuak, argazkiak zein diseinu osoak, zerbitzari zentral batean gorde eta artxibatuko da, bilaketak erraz egin eta materiala erraz berrerabiltzeko moduan.

TOKIKOMeko 18 aldizkarik edizio sistema bateratua ezarri dute, lana era ordenatu eta profesionalagoan egiteko 2

Sistema berria martxan jartzea hainbat hilabetetako lana izan da

SIRIUS PUBLISHER EDIZIO SISTEMA

Aipatutako azpiegitura fisiko guztia kontrolatzeko, esparru editorialean aski ezaguna den Sirius Publisher izeneko edizio sistema erabiltzen hasi dira herri aldizkariak. Sistema aurreratu honek hainbat abantaila eskaintzen ditu, aldizkarion lana erraztu eta emaitzen kalitatea hobetzen laguntzeko:

  • Erredaktore, argazkilari eta zuzentzaileek maketaren gainean lan egin dezakete zuzenean, orain arteko Word artxiboen joan-etorria saihestu eta lan fluxuak sinplifikatzeko.
  • Web interfaze erraz batean egiten da lana, eta erredakziotik zein internet konexioa dagoen beste edonondik egin daiteke.
  • Interfaze horri esker, erredakzio buruek begi kolpe batez jakin dezakete zer egoeratan dagoen une bakoitzean lantzen ari den zenbakia.
  • Era berean, publizitatea ere hainbat aldizkaritan batera kokatu daiteke, publizitate kanpaina orokorren kudeaketa erraztuz.
  • Zenbakia bukatuta dagoenean, klik bakar batez bidal daiteke inprentara, lan fluxuak nabarmen erraztuz. Euskarri digitaletarako kopiak ere automatikoki sortzen dira prozesuan, lana eta denbora aurreztuz.
  • Artxibo bateratua sortzen da, aldizkari bakoitzak besteek argitaratutako materiala ere eskura izan dezaten.
 

Sistema berrian sartu diren aldizkariak

  • Aiaraldea
  • Aikor
  • Aiurri
  • Alea
  • Anboto
  • Baleike
  • Geuria
  • Goiena
  • Guaixe
  • Hiruka
  • Karkara
  • Kronika
  • Maxixatzen
  • Noaua
  • Pilpilean
  • Txintxarri
  • Ttipi-Ttapa
  • Uztarria

Behin sistemaren inplantazioa bukatuta, aldizkariak pixkanaka-pixkanaka hasiko dira erabiltzen datozen asteotan, eta irakurleek laster sumatuko dituzte aldaketak. Jone Guenetxeak, Durangaldeko ANBOTO astekariaren zuzendaria eta TOKIKOMeko presidenteak, argi azaldu du: “Sistema honek ahalegin handia eskatu digu, eta oraindik ere gehiago eskatuko digu hurrengo asteotan, batez ere lan egiteko modua erabat aldatu eta ordenatzera behartuko gaituelako, baina seguru gaude onerako izango dela, lana era ordenatu eta profesionalagoan egiteko aukera emango digulako”.

TOKIKOMek apustu eta inbertsio handia egin du proiektu honekin, toki komunikabideen lehiakortasunean jauzi kualitatiboa ekarriko duelakoan. Taldeko zuzendaria den Alaitz Artolazabalek  adierazi duenez: “Beste edozein industriatan bezala, toki komunikabideen esparruan ere funtsezkoa da berrikuntza, antolakuntzan zein teknologian, eta proiektu honek alderdi biak uztartzen ditu. Zentzu horretan, eskertzekoa da erakunde publikoek -eta bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiak- kultur eta sormen industrian ere berrikuntza sustatzeko laguntzak martxan jarri izana”.

TOKIKOMeko 18 aldizkarik edizio sistema bateratua ezarri dute, lana era ordenatu eta profesionalagoan egiteko 3

Aldizkarietako langileek formazio saio trinkoak jaso behar izan dituzte

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.