AGIFESek, Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak, ‘Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak ematen ditu urtero, duela bost urtetik. Sari horien bidez, elkarteak “eskertu eta goraipatu nahi du komunikabideen lan ona, buru osasun arazoak normalizatzen eta kolektiboaren gizarteratzea bultzatzen laguntza handia ematen dutelako”.
Bada, 2018ko edizioko ikus-entzunezko saria Beterri-Buruntzako Aiurrirentzat izan da, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, AGIFESek urriaren 11n antolatu zuen bertso saioari emandako zabalpenarengatik. Aiurriren lantaldeak, eta bereziki Xabier Lasa Bergara kazetariak, bertso saioaren zenbait atal filmatu zituen Aiurriren Youtube kanalera igotzeko eta saioaren inguruko kronikan txertatzeko. AGIFESek “asko eskertzen du komunikabide txiki honek egindako lana buru osasuna gai nagusitzat zuen bertso saio horren berri emateko”.
- Prentsa idatzia: Miren Saenzen erreportajea Zazpika aldizkarian.
- Irratia: SER kateko “Hoy por Hoy San Sebastián” saioan, Eva Monente kazetariak AGFESeko psikologo Nekane Azuabarrenari eta elkarteko Lehen Pertsonan Batzordeko kide Aitor Sastreri egindako elkarrizketa luzea.