TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Ttap aldizkariak edizio berria Nafarroan

Ttap aldizkari digitalak edizio berria estreinatuko du asteon Nafarroan. Edizio berriak Nafarroako gertuko gaiak eta pertsonaiak landuko ditu hamabostean behin, aldizkariaren estaldura bertatik bertara hedatuz.

Nafarroatik nafarrentzat

oier sanjurjo ttap portada

Ttap Nafarroa ‘primeran’ estreintatuko da Oier Sanjurjoren eskutik. (Klikatu argazkian Ttap aplikazioa instalatzeko).

Joan den urrian argitaratutako ale esperimentalaren balorazio positiboa eginda, eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker, Ttapen Nafarroako edizioa hamabostean behin kaleratuko da aurrerantzean, aste honetan bertan hasita. Beste edizioetan bezala, bertako kolaboratzaile eta iritzi emaileek hartuko dute protagonismoa. Besteak beste, Anabel Arraiza, Angel Erro, Mikel Idoate, Santi Leone, Oskia Ugarte, Garazi Arrula eta Aingeru Epalzaren sinadurak izango dira presente aldizkari digitalean.

Edizioaren koordinazioa Juan Kruz Lakastak egingo du. Kazetariak aldizkariaren balio sinbolikoa azpimarratu du: “Posiblea eta egingarria da euskaratik eduki zein forma aldetik berritzaileak diren komunikabide berriak sortzea, eta Ttap da horren adibide ezin garbiagoa. Nafarroako euskaldunei ere eduki propio eta berritzaileak eskaintzea edizio nafar baten bidez aurrerapauso handia da, eta ilusio handiz egiten dugu”.

Nafarroako edizioa “primeran” estreinatzeko, Anabel Arraizak Osasunako kapitain Oier Sanjurjori egindako elkarrizketa argitaratuko du, ohikoak dituen hiru formatuetan: testuan, audioan zein bideoan. Gainera Oskia Ugarteren iritzi zutabea ere izango du, gehi hiru edizioetan komunak diren edukiak: liburu, disko eta film gomendioak, moda aholkuak, ilustrazio animatuak… Hori guztia 15 minutu inguruan irakurtzeko moduko formatuan, eta nahi izanez gero, edukia irakurri ez ezik, ikusi, entzun eta ukitzeko aukerarekin, bideo, audio eta grafiko interaktiboei esker.

Irakurri, ukitu, ikusi, entzun

Ttap aldizkaria %100 digitala da, eta gailu mugikorretatik kontsumitzeko pentsatuta dago. “Publiko urbanoari begira enfokatzen ari gara, eta batez ere mugikorretik egin daitekeen kontsumo azkarrean pentsatzen”. Belastegik azaldu du helburua dela aldizkari osoa ordu laurden batean irakurri ahal izatea, “nahi duenari, hala ere, denbora gehiago pasatzeko aukera eskainiz, multimedia eduki aberastuaren bidez”. Izan ere, Ttap aldizkaria irakurri ez ezik, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daiteke, eduki multimedia eta interaktiboa bere izaeraren ezaugarri nagusienak baitira.

Ttap aldizkari digitala Iruñerriko Euskalerria Irratia, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike, Debagoienako Goiena eta TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen ekimenez argitaratzen da, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Aldizkaria %100 digitala da, eta Android zein iOS sistema eragilea duten gailuetatik eskuratu daiteke, doako Ttap aplikazioa deskargatuta.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.