TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

ZUT jaio da, gazteentzako aldizkari digitala

Gazteentzako aldizkari digitala jaio da gaur: ZUT.  GAZTEZULOren eta ADM SL-ren artean sortutako proiektua da. ADM SL hauek osatzen dute: Esguard, Anboto, Baleike, Goiena, Euskalerria Irratia eta TOKIKOMek

Aurkezpena Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendariak eta Goienako Josu Bilbao kazetariak egin dute, IXA-Serie aplikazioaren lantaldearen parte hartzearekin.

Edukiak ZUTik, bertikalean

ZUT AURKEZPENA

Argazkia: Goiena

Josu Bilbaok aurkezpenaren hasieran adierazi duen moduan, “kalitatea, eduki bertikalak eta ikus- entzunezkoak. Horiek izango dira ZUT aplikazioaren hiru zutabeak. ZUT aldizkari digitala eskuko telefonoetan kontsumituko den proiektua da. Doako aplikazio bat da, edukiak atalka aurkeztuko dituena. ADM SLk egiten duen ttap aldizkariak badu anai-arreba teenager-a”.

“Tente, zutik, zuzen”, hain zuzen ere, hortik datorkio izena aldizkariari. “Gazteek gaur egun edukiak kontsumitzeko duten joerari egiten dio keinu,
eta mugikorra ZUTik mantentzeari, formatu horizontalera biratu gabe”, azaldu du Josu Bilbaok.

Hamabostean behin eduki berriak doan eskuragarri izango dituzte gazteek, eta baita aurretik eskainitakoak behin eta berriz erreproduzitzeko aukera ere. Euskara hutsean izango da, erabat berritzailea. “Euskal Herrian ez da horrelakok proiekturik ezagutzen”. Ikus-entzunezkoak eta sare sozialak –Instagram, Tik-Tok– izango dira aplikazioaren ezinbesteko aliatuak: testu gutxi eta irudi eta bideo asko.

Gazteen gustuko gaiak

“Gazteekin bi Focus Group egin ditugu, prototipoa kontrastatu eta euren ekarpenak jasotzeko. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gazteek benetan zer nahi zuten jakitea, eta zuzenean haien ekarpenak bildu ditugu edukiak lantzeko eta, batez ere, horiek zabaltzeko moduari buruz hausnartzeko. Gazteek gazteentzat eginikoa”, azaldu du Gaizka Izagirrek.

Ixa-Serie aplikazioa

“Euskal Herriko lehen serie aplikazioa ZUTen bidez ikusi ahalko da soilik eta mugikorrek eskaintzen dituzten erreminta guztiak ezinbestekoak izango dira telesailean murgiltzeko. Berritzailea, estetikoki boteretsua, ausarta eta gazteek oso gustura kontsumituko dutena”, azaldu du Gaizka Izagirrek.

Aurkezpenean IXA lantaldekoak izan dira, proiektuan parte hartu duten hainbat aktore ere bai. “Zailtasun nabarmen batekin topatu ginen hasieran, gure seriea nola zabaldu. Aplikazio propio bat sortzeko helburuarekin ari ginen, hutsetik jaioko zena, baina zailtasun ekonomikoek ezinezko bilakatzen zuten helburu hori. Gaztezulo-ko Gaizka Izagirrerekin elkartu ginenean eta ADMren arteko batuketa honi esker sortu da ZUT”, aipatu du Ixako Unai Portillak. Gaizka Izagirrek hauxe gehitu du: “Elkarlan logiko bat, era natural eta oso errazean sortu dena. 2deoko laguntzari esker sortu den euskarazko sinergia berri bat. Ikus-entzunezkoak, eduki berritzaileak eta gazteekiko ezagutza zabala oinarritzat hartuta”.

Atalak

Izagirrek hauxe azaldu du: “Gainerako atal finko batzuk ere izango ditugu, Ikus-entzunezko formatuan grabatua eta Instagram storie-en kutsua izango duen elkarrizketa sorta freskoa, arina eta dibertigarria, musika atala, youtuberren iritziak eta hausnarketak bilduko dituen gunea, telesailen gaineko gomendioak, moda aholkuak, esketx formatuan edota era freskoan egindako sexologia tartea eta oso garrantzitsua izango den lehiaketa-erronka atala. Erabiltzaileen parte hartzea ezinbestekoa izango da; beraz, edozein ekarpen ongietorria izango da ZUTera! Ez dugu nahi gazteak app-ean soilik geratzea, baizik hortik kanpo sare sozialen bidez gurekin harreman zuzena izatea”.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.