Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Aurrera Kultura Bonuak aurkeztu ditu gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. 15 eta 25 euroko prezioa izango duten bonu horien erosleek 40 euroko balioko erosketak egin ahal izango dituzte kultur produktu eta zerbitzuetan, Tartean, lehen aldiz baita Bizkaiko toki komunikabideetako harpidetzak ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko kultur industriekiko konpromisoa adierazi eta kulturaren kontsumoa sustatu nahi du bonu hauen bitartez. Lorea Bilbaok, Kultura, Euskara eta Kirol Diputatuak adierazi duenez, “Kultura ekosistema oso bat da. Kultura bada enplegua ere, enplegu berezia gainera: intermitentea, profesional oso kualifikatuz osatua, enpresa txikiz eta autonomoz osotua. Kultura industria da. Kultura, besteak beste, aberastasun ekonomikoa dakartso gizarteari. Kultura inbertsinoa da, gizartearentzat ezinbesteko ondasuna. Horregaitik guztiagaitik, sektore honeri be lagundu egin behar deutsagu krisi larri hau gainditzen; eta erronka honetan oinarri-oinarrizkoa da guztion lankidetza, erakundeena, zalantza barik, baina baita herritarrona eta sektorearena berarena be, ezinbestekoa dogu kulturea kontsumitzea, bizirik iraun gura badogu behintzat.”
Bizkaitarrek aukera izango dute 15 euroko prezioa duen B motako bonua erosi eta, harekin, 40 euroko gastua egiteko ekimenarekin bat egiten duten Bizkaiko toki komunikabideetako harpidetzetan. Komunikabide horiek zeintzuk diren hurrengo egunotan jakinaraziko da.
Bizkaia Aurrera Kultura Bonuak irailaren 14an jarriko dira salgai, eta 2021eko maiatzaren 31 bitartean kontsumitu ahal izango dira. Kontsumitzaile bakoitzak kategoria bakoitzeko lau bonu erosi ahalko ditu gehienez jota.