TOKIKOMek bere ohiko Batzar Orokorra egin zuen joan den ostiralean, 2021eko memoria eta 2022ko plana onartzeko. Sozietatea eratu zenetik 10 urte laster beteko diren honetan, egindako ibilbidearen balorazio positiboa egin eta datozen urteetarako erronka berriak jarri dizkio taldeak bere buruari.
Komunikabide taldetik komunikazio talderantz
TOKIKOM sortzeko helburu nagusienetako bat sakabanatuta zeuden toki komunikabide txikien baturatik indarra atera eta sinergiak aprobetxatzea zen, eta egindako bideak erakutsi du erabaki zuzena izan zela. Hari esker, TOKIKOMek bazkideetako bakoitzarentzat bakarka eskuraezinak diren tresnak eta zerbitzuak abiatu ditu: plataforma digitala, publizitate kanal bateratua, papererako edizio sistema, multimedia artxibo eta zerbitzaria, adimen artifizialeko tresna multzoa… Duela urte gutxi batzuk euskarazko toki komunikabideentzat pentsaezinak ziren aukerak gaur esku-eskura dituzte, TOKIKOMek bultzatutako indar metaketari esker.
Horrez gain, TOKIKOM euskarazko toki komunikabideen erreferentziako eragile eta solaskide bilakatu da erakunde publikoen, beste hedabideen zein iragarle handien aurrean.
Lorpen horiek ikusita, eta 2020an egindako gogoeta estrategikoaren ondorioz, Batzar Orokorrak onartu du TOKIKOMen barne kohesioa landu eta bazkideen arteko lankidetzan sakontzea, ‘komunikabide talde’ izatetik ‘komunikazio talde’ izatera pasatzen hasteko. Eraldaketa hori izango da TOKIKOMen hurrengo urteotako urratsa gidatuko dituen helburu nagusia.
Egonkortzea
Sortu eta ia 10 urtera, TOKIKOMek bere egitura tekniko eta finantzarioa egonkortzea lortu du, datozen urteetako erronkei erantzuteko oinarri sendoa ezarriz. Taldearen zerbitzu propioek eta publizitate salmentak sarreren %83a suposatzen dute honezkero, eta urteko bolumena 600.000 eurokoa da.
Taldearen produktu eta zerbitzu eskaintza biderkatu egin da azken urteotan, eta horrek ere erronka handia suposatzen du barne kohesioari begira. Ostiraleko Batzar Orokorrean ezarritako etxeko lanen artean, taldearen eta bazkide txikienen arteko komunikazioa zaintzea dago, bazkide txiki horiei ere pixkanaka-pixkanaka dinamika berrietan sartu eta hazkunde fasean sartzea errazteko.
Zero kilometroko komunikazioa
Pandemia garaiotan inoiz baino argiago geratu denez, tokiko kazetaritza esentziala da demokrazia sozialerako, eta toki komunikabideek kalitate handiko kazetaritza lana egiten dute. Hala adierazten dute audientzia datuek (tokikoek euskarazko komunikabide ez publikoetako audientzia digitalaren %70a dira), hainbat ikerketa lanek, baita toki komunikabideek azkenaldian jasotako zenbait sarik.
Tokiko kazetaritza bertatik bertara egiten da, ez dago teletipoen zain, notizia dagoen lekutik egiten da, kaletik. Testuak, argazkiak, bideoak… herritarrengana gerturatuz sortzen dira. Horrek dakar eduki hau bakarra eta gertukoa izatea eta, nahiz eta denbora eta dirua kostatu, zero kilometroko kazetaritzak emaitzak ematen ditu. Hori dela eta, TOKIKOMen Batzar Orokorrak azpimarratu du inoiz baino beharrezkoagoa dela toki komunikabideen bezeroei, irakurleei zein erakundeei argi erakustea tokiko kazetaritzaren onurak. Izan ere, tokiko komunikazioak badu bere kostua, baina bere hartzaile kopurua eta epe ertain-luzeko eragina kontuan izanda, beharrezko inbertsioa da.
76 komunikabide
Gaur-gaurkoz, 28 bazkidek osatzen dute TOKIKOM, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Guztira, 200 langiletik gora dihardute taldeko komunikabideetan, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen da.