TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Banatu ditugu 2024ko TOKIKOM Sariak

Tokikom Sarien zortzigarren edizioa egin da gaur Artikako (Berriobeiti, Nafarroa) Maria
de Maeztu kultur etxean. Toki komunikabideen urteko lanik onenak ezagutzeko eta
sektoreak dituen erronkei buruzko gogoetak zein esperientziak partekatzeko aukera
izan dute han bildutako 80 bat lagunek.
Iban Aranzabal Tokikomeko ordezkariaren ongietorri hitzen ostean, erakundeetako
ordezkariek hartu dute hitza. Nafarroako Gobernuaren izenean, Jabier Arakama
Euskarabideako zuzendariak tokiko hedabideek komunitatea eratzeko duten gaitasun
nabarmendu du: “Jendartea euskararen inguruan sentsibilizatzen laguntzen duzue”.
Halaber, Euskarabideak tokiko hedabideekin duen atxikimendua ere azpimarratu nahi
izan du.
Haren ostean, Jokin Azkue HABEko zuzendariak hitz egin du, Eusko Jaurlaritzako
Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren izenean. Tokiko hedabideak berrindartzeko
beharra azpimarratu du, mundu mailan ematen ari diren aldaketen aurrean:
“Kontsumoan ere aldaketak ematen ari dira, eta horren adibide dira sare sozialak.
Oinarrian, baina, hedabideen kalitatea dago, eta horiek gabe ezin da kontsumoa
sustatu”
. Eusko Jaurlaritzak “bidelagun” izan nahi duela esan du, eta lankidetzarako
luzatu die eskua tokiko hedabideei.


Lau sari


Hitzartzeen ostean, 2024ko Tokikom Sariak banatzeari ekin diote. Kategoriaz kategoria
banatu dituzte hiru sari Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatutako ekitaldian.

Banatu ditugu 2024ko TOKIKOM Sariak 1

Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan da, Matxismoa ari du goiburu duen aldizkariaren azalari esker. Edorta Aranak, Maria Gorosarri Gonzalezek eta Amaia Pavonek osatu dute 2024ko Tokikom Sarien epaimahaia, eta haiek esan dutenez, martxoko zenbakiaren azala “oso ondo landua” izan zen. “Emakumeen Nazioarteko Egunari erreferentzia eginez, mezu garbia helarazten du. Gainera, irudi zehatzen eta sinboloen arteko konbinazio ederra egiten du, eta nahiz eta irudia sinplea izan, oso adierazgarria da”. Azalaren konposizioa koloreen bidez “oso ondo” integratuta dagoela ere azpimarratu dute.

TOKIKOM Sariak 2024. GUKA-Gelditu dira inprentaren makinak

Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izan da. Maialen Etxaniz kazetariak aldizkariaren maiatzeko zenbakirako Gelditu dira inprentaren makinak izenburupean egindako erreportajea nabarmendu du epaimahaiak. Azpeitiko azken familia inprentaren itxiera oinarri hartuta osatutako erreportajea “oso egoki” egina dela azpimarratu du epaimahaiak. “Tokikotasun handia du edukiak, eta lekukotasunaren balioaz osatuta dago artikulua. Gainera, estetika ere ondo zaindua dago, iraganeko eta oraingo argazkiak ondo integratuta baitaude”.

TOKIKOM SARIAK 2024: ANTXETA IRRATIA. Uhin inklusiboak.

Ikus-etzunezko Onenaren Saria, berriz, Antxeta irratiarentzat izan da, Uhin inklusiboak lana tarteko. Ikus-entzunezko eduki sorta hori jendarte eredu anitzagoaren eta inklusiboagoaren aldekoa dela esan du epaimahaiak. Izan ere, migrazioaren gorabeherak beren larruazalean bizi dituztenei eman diete hitza. “Gaiaren trataera
egokia da, eta tokian tokitik lantzen du migrazioaren fenomeno globala”
, azaldu du epaimahaiak. Gainera, alde estetikoa ere “oso landuta” dagoela azpimarratu dute
epaimahaikideek, eta kazetaritza aldetik “oso lan borobila” dela adierazi.

Banatu ditugu 2024ko TOKIKOM Sariak 2

Aurten, baina, sari berezi bat ere banatu du toki komunikabideen bateraguneak. Hain
zuzen, ekitaldia Nafarroan egin denez, eta Nafarroako Laboral Kutxaren babesletzari
esker, Nafarroa Saria eman dute. Lurralde horretako kultur ondarea ondoen islatzen,
aniztasuna ondoen transmititzen eta Nafarroaren irudia eta atxikimendua ondoen
sustatzen duen edukiari eman diote saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak
argitaratutako Dialeko azkenak ikus-entzunezko lanari eman diote Nafarroa Saria.
Epaimahaiak Pulunpek argitaratutako lana azpimarratu du, “oso ondo” jasotzen
duelako garai batean Nafarroako toki askotan pil-pilean zegoen euskarafobia. “Euskara
hutsezko irratia bultzatu zuten herritarren, irratiko lehenengo esatarien, ondoren
pasatu zirenen, orduko euskara teknikarien, entzuleen eta kolaboratzaileen iritziak oso
ongi daude jasota dokumentalean”.

Hizlari hainbat

Behin sari banaketa ekitaldia bukatuta, euskarazko toki komunikabideen erronkak
aztertzeko eta esperientziak zein gogoetak partekatzeko aukera izan dute Artikan bildu
diren profesionalek. Horretarako bidea eman diete Jon Sarasua Euskararen
Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia
AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen
Fidelizazio arduradunak, hitzaldi banarekin.

Banatu ditugu 2024ko TOKIKOM Sariak 3

Sarasua izan da hitza hartzen aurrena, eta 4.2: EHM Estrategia izenburupean, Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren baitan egiten ari diren lanketaz eta lanketa horretan hedabideei aitortzen dieten paperaz jardun du. Izan ere, datozen 25 urteetan euskarak egin behar duen bidean estrategikotzat jotzen dituzte tokiko hedabideak, euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera
daukala iritzita. Eta ildo horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izendatu dutenaren ardatzak zeintzuk diren azaldu du. “Orain arte egin duguna egitea
ez dugu nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren aldeko apustu garbia egin zen, baina
aurrera begira, euskal hedabidegintzan matrize aldaketa behar dugu, dena askoz
gehiago fragmentatuta dagoelako”
. Eskualde mailako komunikazioan euskarazko
hedabide taldeek lidergoa har dezaketela esan du, “lidergo garbia eskualde
euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan”
, eta Goiena jarri du
horren adibidetzat.

Banatu ditugu 2024ko TOKIKOM Sariak 4

Sarasuak behin baino gehiagotan nabarmendu duen ideia baten ildotik, gauzak berdin egiten jarraitzea aukera bat ez dela adierazi dute AEK-ko Etxezarretak eta Gartziak ere euren hitzartzean. Aurki 50 urte beteko ditu AEK-k, eta urteotan guztiotan, garaian garaiko testuingurura egokitu ahal izateko ezinbestekoa izan dute etengabeko
eraldaketa. Gaitasuna izan dute baldintza politikoak eta barne gaitasunak aprobetxatzeko, eta aurrera egiteko. Aldaketak aukeratzat hartu izan dituztela kontatu dute, eta urteotan egindako aldaketek xehetu dituzte: elkartearen izaera juridikoan egindako aldaketak, egituran egindakoak, funtzionamenduan, komunikazioan eta abar.
Gaur egun Euskal Herri guztian 97 euskaltegi eta 41 ikasgu ditu AEK-k, ia 600 bazkide,
eta hainbat zerbitzu ematen ditu: euskara eskolak ematen dituzte, hizkuntza
aholkularitza eskaintzen ditu, itzulpengintza eta zuzenketa zerbitzua, mintzapraktika
egitasmoak eta abar. “Gabeziei erantzuteko gai izango den funtzionamendua eta
organigrama onartuta, horiek indarrean sartzeko lanean ari gara. Horiek erabakitzeko
bidean, funtsezkoak izan dira bazkideen parte hartzea eta bakoitzak bere roletik egin
duen ekarpena, eta erresistentziak egon diren arren, horiek ere aberastu egin dute
prozesua”.

Banatu ditugu 2024ko TOKIKOM Sariak 5


Azkenik, elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, elDiario.es: un periódico con socias y socios hitzaldian, beren hedabidearen ereduaz hizketan jardun du, kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diena 95.000 bazkideren sostengua izatea dela argudiatuta, “bazkideena eta ez harpideena”. Bazkideak proiektuaren protagonistak direla esan du, haiek direla proiektuaren erdigunean daudenak, eta haiei esker independentzia editoriala blindatzen dutela botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean. Herritarrak erakartzeko estrategiez eta haien atxikimendua lortzeko gakoez jardun du Argelinak, eta baita bazkideei modu
esklusiboan eskaintzen dizkieten produktuez zein zerbitzuez ere. “Bazkideak asko
zaintzen ditugu, xehetasunak ere bai, eta hori asko baliosten duten zerbait da. Gauzak
etengabe hobetzen saiatzen gara, eta horretaz jabetu egiten dira eta eskertu egiten
digute”.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.