Gipuzkoako Foru Aldundiak aipamen berezia eman dio TOKIKOM Aplikazioari, aurten laugarrenez antolatu duen GipuzkoAPPs 2016 lehiaketan. Eskuko telefono zein tabletetarako aurten garatutako aplikazioak aipamen berezia lortu du. Garaikurra, 3D inprimagailu baten egina, eta 2.500 euroko saria.
Eibarko CodeSyntax enpresarekin elkarlanean, eta bere garaian TOKIKOM Plataforma sortzeko erabilitako filosofiari jarraiki, tokian tokiko aplikazioak sortzeko tresna bat sortu du TOKIKOMek, oinarrizko funtzionalitateak eskaintzen dituena. Aplikazio 'ama' horren gainean, bazkide bakoitzak dituen beharren araberako moldaketak egin eta aplikazio 'alabak' sortzen dira, era erraz eta ekonomikoan. Era horretan sortu ditugu jadanik Anboto, Baleike, Erran eta Goienaren aplikazioak.
Lehiaketako epaimahaiak erabaki du Dinycon Sistemas enpresak sortutako Atpoints izeneko aplikazioari ematea lehen saria: 10.000 euroko saria. Hurbileko marketinera bideratutako proiektu bat da saritu dutena, erabiltzailearen interesen araberako denden lokalizazioa errazten duen tresna, hain justu ere.
Bigarren saria Euskal Editorea enpresaren Berria APP izan da, 6.000 euroko saria jasoz.
Hirugarren saria Akting Ingeniaritza enpresak diseinatutako Gaztea aplikazioa izan da, 4.000 euroko sariarekin.
Markel Olano diputatu nagusiak zoriondu egin ditu lehiaketako parte hartzaileak eta irabazleak. "Gure ekonomiak bizi duen testuinguruan, berebiziko garrantzia du enpresen eraldakuntza bultzatzeak. Eta testuinguru horretan ezinbestekoa da teknologia berriak bultzatzea maila guztietan, horien artean aplikazioak, bultzatzen eta laguntzen ari garen eraldakuntza horren oinarri direlako hainbat arlotan", azaldu du.