Sektore bizi-bizia da hedabideena, gaur egun sekula baino biziagoa: mundu mailan, informazioaren teknologia berriek goitik behera aldatu dituzte informazioa jaso, zabaldu eta kontsumitzeko modua. Gutako bakoitza berriemale potentzial izateko aukera esku-eskura dugun sasoi honetan, hedabideek gero eta beharrezkoagoa dute beren burua birdefinitzea.
Etengabe aldatzen ari den testuinguru berri honetan, zein da hedabideok hizkuntz komunitatearekiko dugun erantzukizuna? Nolako hedabideak behar ditugu euskaldunok? Nola erantzun ahal diogu behar horri tokiko hedabideotatik?
Horretaz hitz egin eta pentsatzeko batu gara ekainaren 15ean, tokiko hedabideen jarduera komuna bideratu nahi duen TOKIKOM sozietate berriaren zeregina, estrategia eta izaera definitzen hasteko asmotan.