Irailaren 22an amaituko da TOKIKOM Sarien bigarren ediziorako lanak aurkezteko epea. Sariketan euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako kazetaritza lanek har dezakete parte, batetik; eta euskarazko edozein mediotan argitaratutako publizitate kanpainek, bestetik.
2016ko deialdia toki komunikabideek ekoizten duten edukia gizarteratu eta goraipatzeko asmoz antolatu zuen TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak. Aurten, helburu horri heltzeaz gain, TOKIKOMek “euskarak berak zein euskarazko komunikabide sareak publizitate euskarri gisa duten balioa” ere aldarrikatu nahi du, eta hori dela eta, publizitate sari bat ere gehitu du deialdira. Bertan parte har dezakete euskarazko edozein mediotan argitaratutako euskara hutsezko iragarki eta kanpainek.
Guztira, beraz, lau sari banatuko ditu TOKIKOMek, urriaren 27an Usurbilen, Sutegi Aretoan antolatzen ari den ekitaldian. Alde batetik, azken urtebetean toki komunikabideetan argitaratutako portadarik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena. Eta bestetik, esan bezala, azken urtean euskarazko edozein mediotan argitaratutako euskarazko publizitate kanpainarik onena.
Lanak aurkezteko modua
Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2017ko irailaren 22ra arte. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketaren oinarriak TOKIKOMen webgunean daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik egin behar da.
Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi mesedez sariak@tokikom.eus helbidera.