TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, TOKIKOM Sariak antolatu ditu hirugarrenez, euskarazko komunikazioaren balioa aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz.
Toki komunikabideek ekarpen handia egiten diote haien gertuko komunitateari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik, baina hala ere, bigarren mailakotzat jotzen dira sarritan, eta ekoizten duten edukia oso ezezaguna da haien eragin esparrutik kanpo. Dinamika hori aldatu eta komunikabide txikion ekarpena azpimarratu eta gizarteratzeko asmoz, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak eman zituen 2016an. Bigarren edizioan, 2017an, kazetaritza ez ezik, euskarazko publizitate lanak ere saritu zituen TOKIKOMek, “euskarak berak zein euskarazko komunikabide sareak publizitate euskarri gisa duten balioa” aldarrikatzeko.
Beraz, 2018an ere lau sari banatuko ditu TOKIKOMek:
- hiru azken urtebetean toki komunikabideetan argitaratutako lanen artean: portadarik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena.
- laugarrena, esan bezala, azken urtean euskarazko edozein mediotan argitaratutako euskarazko publizitate kanpainarik onenarentzat izango da.
Lanak aurkezteko epea zabalik
Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2018ko irailaren 14ra arte. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketaren oinarriak TOKIKOMen webgunean daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik egin behar da.
TOKIKOM Sariak urriaren amaieran banatuko dira, komunikazio taldeak Bilbon egingo dituen TOKIKOM Jardunaldien baitan.
Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi lasai sariak@tokikom.eus helbidera.