TOKIKOM Sariak 2018
2016an hasitako bideari jarraiki, 2018ko urriaren 22an TOKIKOM Sarien hirugarren edizioko sari banaketa egin genuen EiTBren Bilboko egoitzako Multibox Aretoan, TOKIKOM Jardunaldien barruan. Euskarazko komunikazioaren arloko 90 lagun inguru batu ziren ekitaldira, hainbat erakundetako ordezkariekin batera. Hauek dira bertan saritutako lanak.
Azalik onena: "Porrotx" (Puntua)
Lehen inpresio ona ematea oso garrantzitsua da, eta aldizkari baten kasuan, lehen inpresio hori azalak ematen du. Azalak ematen dion inpresioaren arabera erabakiko balizko irakurleak aldizkariaren edukietan murgildu ala ez.
Epaimahaiak aitortu nahi izan du begi-bistako ahalegina azal ahalik eta grafiko eta erakargarrienak egiteko. Ez da erraza astero-astero aldizkariaren muina irudi ikusgarri eta erakargarri batean sintetizatzea, eta saritutako lanak modu bikainean lortu du hori egitea, argazkiko pertsonaiaren posea eta argazkiaren mozketarekin berarekin jolastuz.
Horregatik guztiagatik, TOKIKOM Sarien epaimahaiak erabaki du 2018ko azalik onenaren saria PUNTUA astekariaren ‘Porrotx’ lanari ematea.
Edukirik onena: "Berba eta irudia" (Geuria)
Toki komunikabideen inguruko aurreiritzi asko eta asko daude. Adibidez, interes eta garrantzia gutxiko gaiak baino ez ditugula lantzen.
Edukirik onenaren kategoriara aurkeztutako lanek oso argi uzten dute, berriz ere, hori ez dela horrela, eta tokiko ikuspegitik abiatuta interes orokorreko eduki bikainak landu daitezkeela. Saritutako lana, adibidez, eskualdeko ikus-entzunezko sortzaile ezagun eta ez hain ezagunen panoramika batetik abiatzen da, tokiko planoa orokorrarekin bikain uztartuz, euskal kulturgintzarekiko interesa duen edonorentzako eduki interesgarria osatzeko. Hori guztia, gainera, alde grafikoa eta maketazioa mimo handiz zaindutako argitalpen borobil batean bilduta.
Hori dela eta, TOKIKOM Sarien epaimhaiak erabaki du 2018ko edukirik onenaren saria GEURIA aldizkariak argitaratutako ‘Berba eta irudia’ monografikoari ematea.
Ikus-entzunezkorik onena: "Umeterapia" (Hiruka)
Jardunaldietan ikusi dugun bezala, gaur egun esku-eskura ditugu ikus-entzunezko edukiak sortu, editatu eta zabaltzeko tresnak. Kontatzeko istorio on bat izanez gero, ez da inbertsio handirik behar istorio hori bideo formatura eramateko.
Saritutako lanak istorio eder bat aukeratu eta bideo labur batean kontatu digu: adineko pertsonentzako egoitza baten eta ikastetxe baten arteko lankidetza, eta zer onura ateratzen bertatik duten bateko nagusiek zein besteko umeek. Mamia bikain jasotzen du bideoak, errazkerietan erori gabe. Alde teknikotik, edizio sinple baina eraginkorra erabiltzen du, eta luzeran ere internet bidezko kontsumo ohituretara ondo egokitutako pieza batean, gehiegi luzatu gabe.
Horregatik guztiagatik, TOKIKOM Sarien epaimahaiak erabaki du 2018ko ikus-entzunezkorik onenaren saria HIRUKAk argitaratutako ‘Umeterapia’ erreportajeari ematea.
Euskarazko iragarkirik onena: "Egin swing eta ahalegin" (Arrasateko Udala + Arteman Komunikazioa)
Edozein eduki publikoarengana errazago iristeko gakoetako bat gertutasuna da. Jasotzaileak zenbat eta gertuago sentitu mezuaren igorlea eta mamia, orduan eta errazago bereganatzen du.
Horregatik esaten dugu euskarak balio erantsi handia ekartzen diola, adibidez, publizitateari. Iragarki bat euskaraz egiteak ‘etxekoago’ egiten du publiko euskaldunarentzat. Eta euskaraz egiteaz gain, protagonistak eta egileak auzokide ezagunak baldin badira, horrek biderkatu egiten du iragarki horren eragina, are gehiago oraindik, mezua tono alai, umoretsu eta positiboan ematen bada, musika eta dantzaren bidez.
Hori guztia kontuan hartuta, TOKIKOM Sarien epaimahaiak erabaki du 2018ko euskarazko iragarkirik onenaren saria ARRASATEKO UDALAren ‘Egin Swing eta Ahalegin’ spotari ematea.