Garaiotara egokituta bada ere, azken urteotan hasitako bideari jarraiki, TOKIKOM Sariak banatu ditu aurten ere TOKIKOMek, euskarazko toki komunikabideen lanaren bikaintasuna aldarrikatzeko eta gizarteratzeko asmoz.
Segurtasun neurriek hala behartuta, Sariak banatzeko ekitaldi presentzialaren ordez, toki telebistetan eta TOKIKOM sareko webguneetan batera emititu den tsaio baten bidez jakinarazi ditugu saridunen izenak. Saio horretan, eta umore klabean beti ere, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik errepaso zabala eman diote euskarazko toki komunikabideek urtean egindako lanari, arreta berezia jarriz saria eskuratu duten edukietan.
TOKIKOM Sarien epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Tania Arriagak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatu dute. Lan zaila izan dute aukeraketa egiten, kalitate handiko eta eduki zein formatu oso ezberdinetako lanak aurkeztu baitira sariketara.
Kategoria berri bat: Komunitatearen saria
Sariak 2016n sortu zirenetik, beti izan dituzte hiru kategoria, denak ere toki komunikabideen lan mota ezberdinekin lotutakoak: azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena. Bada, aurtengo edizioan laugarren kategoria bat ere gehitu zaie horiei: Komunitatearen Saria. Hamar egunez, toki komunikabideen hartzaileak diren herritarrei beraiei eman zaie aukera haien lanik gogokoena bozkatzeko finalista guztien artean, eta bozka gehien jaso duen lanak lortu du sari berria.
Saritutako lanen berri orrialde honetan argitaratu dugu.
TOKIKOMetik zorionak eman nahi izan dizkiete parte hartu duten toki komunikabide guztiei. Azpimarratu dutenez, “zabalduta dagoen aurreiritziaren kontra, euskarazko toki komunikabideek kazetaritza lan aparta, eta sari hauek berriz ere utzi dute oso argi, euskarri eta formatu guztietan, gainera”. Antolatzaileek gonbita zabaldu dute sarien webgunea bisitatu eta bertan arakatzeko lan finalista guztiak, “benetan ederrak eta denbora eskaintzeko modukoak baitira”.