Hona hemen TOKIKOM Sarien 2020ko edizioan Edorta Aranak, Tania Arriagak eta Zuriñe Maguregik osatutako epaimahaiak, eta publikoak bozka bidez, saritutako lanak. Gainontzeko finalistak, berriz, beste orrialde honetan ikus daitezke.

Azalik onena: Puntua, “Suizidioa”.

TOKIKOM Sariak 2020. Azala. Puntua aldizkaria: Suizidioa
Azalik onenaren saria Debagoienako Puntua astekariak lortu du, Azkoitiko Maxixatzen eta Sakanako Guaixe aldizkariekin lehia estuan.

Epaimahaiak azal honen lan grafikoa goraipatu du: oso elementu sinple gutxirekin oso irudi adierazgarria osatuz, alde estetikotik garbitasuna, oreka eta dotorezia galdu gabe.

Ikus-entzunezkorik onena: Erlo TB eta Baleike. “Marea errotaren arrastoaren bila”.

Ikus-entzunezko onenaren saria Zumaia aldera joan da aurtengoan. Erlo Telebistak eta Baleike aldizkariak erreportaje ikusgarria sortu dute, herrian garai batean zegoen marea errotaren berri emanez. Epaimahaiak ikus-entzunezkoaren beraren faktura bikaina eta atzetik sumatzen den dokumentazio lan izugarria nabarmendu dute saria lan honi emateko orduan. Kategoria honetan Beterri-Buruntzako Aiurri eta Sakanako Guaixe ere aritu dira lehian.TOKIKOM Sariak 2020. Ikus-entzunezkoak. Baleike+Erlo: Marea Errota

Edukirik onena: Anboto, “Zaldibar”.

Edukirik onenaren saria, berriz, Durangaldeko Anboto astekariarentzat izan da. Tamalez, 2020 arraro honek pisu handiko albiste asko eman ditu, tartean Zaldibarko hondakindegiko gertakari latzak. Otsaila erdialdean, auzia gertutik bizi duen Anbotok hiru orrialdeko tarte zabala dedikatu zion, ikuspuntu, testigantza eta kazetaritza molde ezberdinak uztartuz. Lan horri eman dio edukirik onenaren saria epaimahaiak, Uribe-Kostako Hirukarekin eta Orio eta Aiako Karkararekin norgehiagokan.TOKIKOM Sariak 2020. Edukiak. Anboto aldizkaria: Zaldibar

Komunitatearen saria: Aiurri. “#Bertsovid-19”.

2020n, TOKIKOMek irakurleei ere hitza eman die lehen aldiz, Komunitatearen Saria emateko. Epaimahaiak aukeratutako bederatzi lan finalistak hamar egunez egon dira bozketagai, azaroaren hasieran, publikoak gogokoena aukeratzeko. Guztira, 1.256 bozka jaso dira. Lehen hiru postuen artean oso alde txikia izan bada ere, bozka gehien jaso duen lanak 267 jaso ditu, guztien %21. Ondorioz, TOKIKOM Sarien 2020ko Komunitatearen Saria Beterri-Buruntzako Aiurrirentzat da, “#Bertsovid-19” ekimenagatik.
TOKIKOM Sariak 2020. Ikus-entzunezkoak. Aiurri: #bertsovid19

Antolatzailea

Babesleak