TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

“Legeak euskal komunikazio sistema propio eta burujabea babestu behar du”

TOKIKOMen presidenteak, Iban Arantzabalek, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldietan parte hartu du gaur Bilbon, euskararen erabilera normalizatzeko EAEko legearen eragina eta baliagarritasuna aztertzeko, lege horren 40. urteurrenaren atarian. Arantzabalekin batera, euskal politika eta gizarteko puntako pertsonek hartu dute parte jardunaldian, administrazio publikoen, hezkuntzaren eta hedabideen sektoreak ordezkatuz. Besteak beste, EAEko lehen lehendakariordeak, Josu Erkorekak, legearen beraren erredakzioan zuzenean parte hartu zuenak; Hezkuntza sailburuordeak, Begoña Pedrosak, eta EiTB Mediako zuzendariak, Ibone Bengoetxeak hartu dute hitza Iban Arantzabalekin batera.

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak politika, administrazioa, hezkuntza eta hedabideen alorreko ordezkariak batu ditu euskara normalizatzeko legearen eragina aztertzeko

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak politika, administrazioa, hezkuntza eta hedabideen alorreko ordezkariak batu ditu euskara normalizatzeko legearen eragina aztertzeko

Legearen urteak eta hedabideenak, eskutik

Arantzabalek gogorarazi du toki komunikabideen sektoreak eta Euskara Normalizatzeko Legeak adin berbera dutela, gaur egun bizirik dirauten lehen toki komunikabideak ere 1980ko hamarkadan sortu baitziren, kasu gehienetan euskara elkarteen eskutik. Azpimarratu du legeak beti doazela gizartearen behar eta ekimenen atzetik, baina euskara normalizatzeko legearen kasuan, “hedabideak legearen eta gizartearen arteko lotura-egile” izan daitezkeela, legegileen eta gizartearen arteko komunikazioa eta zubilana erraztuz.

Etorkizunera begira, Arantzabalek zero kilometroko komunikazioan jarri du arreta. Azpimarratu du egunero kontsumitzen den informazioaren zati handi bat sare sozialetako multinazionalen esku dagoen garaiotan, ezinbestekoa dela komunikazio alorrean, elikaduran, energian eta beste hainbat sektoretan bezalaxe, burujabetzari eustea, eta komunikazio sistema propio, sendo eta dinamikoa mantentzea. “Komunikazioan ere, elikaduran bezala, bertan sortu, banatu eta kontsumitutakoa askoz ere osasungarriagoa eta jasangarriagoa da munduko beste puntatik ekarri beharrekoa baino”.

Alarma egoeraren aurretik ere, premiazko

TOKIKOMen presidenteak gogorarazi du alarma egoeran ere azpimarratu zela ‘premia biziko’ zerbitzuak zirela hedabideak, haien artean euskarazkoak. Eta horren ostean, datuek konfirmatu dutela premiazko izaera hori. Pandemiarik unerik latzenetan, komunikabideen kontsumoa, eta bereziki tokikoena, biderkatu egin da, gutako bakoitzak jakin behar zuelako bere inguru hurbilean zer gertatzen ari zen edo nora joan zitekeen eta nora ez.

Arantzabalek toki komunikabideen kontsumoaren inguruko datuak eman ditu. Interneteko datuei dagokienez, toki komunikabideak dira euskarazko komunikabide ez publikoen kontsumoaren %70, eta kontsumitzeko arrazoi nagusia gertuko informazioa eskaintzea da.

Euskaltzaindia jardunaldiak 2021

EiTB eta erdarazko hedabideak

Etorkizunari begira, Iban Arantzabalek bi erronka jarri ditu mahai gainean: alde batetik, EiTB eta euskarazko beste medioen arteko lankidetza aldarrikatu du. Hala, TOKIKOM EiTBrekin lantzen ari den lankidetza hitzarmena aipatu du, eta Erresuma Batuko BBC ezagunak hango toki komunikabideekin duen elkarlan hitzarmena gurera egokitzeko aukerak aztertzen ari direla. Gaineratu du EITB, TOKIKOM eta BBC laster elkartuko direla lan-saioa egiteko.

Bestetik, eta legearen beraren garapenari dagokionez, esan du bere ustez badela garaia “euskara modu anekdotikoan erabiltzen duten eta nagusiki erdaraz diren hedabideekin zer egin” aztertzeko. Prentsa elebidunaren errenak orain dela 40 urte ere detektatu zituztela gogorarazi du.

Laburbilduz, Arantzabalek ondorioztatu du legeak lagundu eta lagunduko duela euskarazko hedabideen garapenean, beti ere hiru oinarriren bueltan garatzen bada: lankidetza, informazio eskubidea eta hiztun komunitatea erdigunean jartzea.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.