TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Goazen, lagunok!

Sare sozial komertzialak, jendearentzako komunikazio tresna gisa sortu zirenak, gero eta putzu toxikoagoak bilakatzen ari dira. Atzetik dauden multinazionalen diru-gosearen ondorioz, desinformazioa hedatzeko, giza-talde ahulenei eraso egiteko eta eskuin muturreko mezuak haizatzeko makina erraldoiak bilakatu dira. Sare horiei eman diegun eragin ahalmena izugarriak ondorio zuzenak eragiten ditu jadanik mundu osoko giro sozial eta politikoan.

TOKIKOMen uste dugu sare horietan jarraitzeak albo-kalte horien konplize izatea dakarrela, eta ez dugu gurpil hori elikatzen jarraitu nahi. Horregatik, hiru erabaki hartu ditugu:

  • Sare sozial komertzialak elikatzeari uzten joatea, eta aldi berean, gure medioetan duten presentzia murrizten joatea.
  • Sare sozial irekietan parte hartzea, TKM.eus zerbitzari propioarekin, beste era bateko sare sozialak elikatzen eta indartzen joateko.
  • Gure jarraitzaile, irakurle eta ikus-entzule guztiak euren sare sozialetako jarduna Fedibertsora eraman dezaten animatzea, #goazenlagunok kanpainarekin bat eginez. Beste era bateko sare sozialak posible dira: irekiak, algoritmorik gabeak eta zentroa komunikazioan jarrita, eta ez etekin ekonomikoan.
Goazen, lagunok! 1

Gizartearekiko eta gure publikoarekiko konpromisotik, eta beste gai batzuetan ere egiten dugun moduan (euskara bera, genero berdintasuna, kultur aniztasuna…), gai honetan ere, TOKIKOMek eta taldea osatzen dugun toki komunikabideok gizartearen informazio-dietarekiko kezka eta ardura adierazten dugu, eta guztion onerako, publikoa sare komertzialak utzi eta fedibertsora salto egitera animatzen dugu, horrek epe ertainera guztiontzako mundu hobea egiten lagunduko duelakoan.

Etorri fedibertsora, ez zaizu damutuko!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.