Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Kameratoia, Euskal Herriko Ikus-entzunezko Rallyaren XI. Edizioa Durangoko Azokan egingo da, Irudienea gunean. 18-35 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzendutako lehiaketak 3600€ banatuko ditu saritan, tartean lehen aldiz emango den TOKIKOM saria.
Lehiaketaren helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, azaldu duenez, “horrek guztiz bat egiten du toki komunikabideok euskarazko edukiak zabaldu eta haien sormena sustatzeko dugun konpromisoarekin”.
Webgunearen bidez izena eman ondoren, Kameratoiaren parte hartzaileek abenduaren 5ean jasoko dute landu beharreko gaia eta ezaugarrien berri harrera ekitaldian eta, hori bukatu bezain pronto, 50 ordu izango dituzte, gehienez sei minutuko iraupena izango duen film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko, iaz baino bi ordu gehiago, Durangoko Azokaren urteurrenari keinu eginez.
Bukatutako lanak abenduaren 7an entregatu beharko dituzte, 14:00ak baino lehen. Sari banaketa gala, berriz, abenduaren 8an ospatuko da, Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan (Durangoko Zugaza zineman). Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek ondorengo sariak banatuko dituzte: Lehen Saria, 1.200 eurokoa izango da; bigarrena, 900 eurokoa eta TOKIKOM saria, 600 eurokoa.
Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta azaroaren 30a izango da izena emateko azken eguna. Izen-emate fitxa eta lehiaketaren oinarriak www.kameratoia.com gunean aurki daitezke.