TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Tolosaldeko ATARIA.INFO agerkariak TOKIKOM Plataforma Digitalarekin bat egin du

Tolosaldeko Komunikazio Taldearen presidenteak, Xabier Saizarrek, eta TOKIKOMenak, Urko Aristik, hitzarmena sinatu zuten bart Tolosan, ATARIA.INFO eskualdeko agerkari digitala TOKIKOM Plataforma Digitaleko partaide bihurtzeko.

TKTren presidentea, Xabier Saizar, eta TOKIKOMena, Urko Aristi, hitzarmena sinatutakoan. Argazkia: ATARIA.INFO

TKTren presidentea, Xabier Saizar, eta TOKIKOMena, Urko Aristi, hitzarmena sinatutakoan. Argazkia: ATARIA.INFO

Tolosaldeko Komunikazio Taldea eta ATARIA.INFO agerkaria 2013an sortu ziren, ordura arte Tolosaldeko tokiko informazioa euskaraz lantzen zuten Tolosaldeko Hitza, Galtzaundi hilabetekaria eta Txolarre Irratiak bat eginda. Hiru medioen arteko bateratze dinamikak aukera eman die hirurei ere, euren eduki eskaintza hobetu eta baliabideen aprobetxamendua optimizatzeko. Agerkari digitalaz gain, TKTk Ataria astekaria, eta Ataria Irratia kudeatzen ditu, eta lankidetza hitzarmenak ditu Tolosaldeko 28 Kanala zein Hamaika Telebistarekin.

TOKIKOM Toki Komunikabideen Bateragunea berriz, 2012an sortu zuten Euskaltzaleen Topaguneak eta haren bazkide diren 20 komunikabidek. Gaur egun 60 hedabidek osatzen dute taldea, paperezko edizioak, internetekoak, irratiak eta telebistak –tartean 28 Kanala- kontatuta. TOKIKOMek 2013an sortu zuen bere Plataforma Digitala, bazkideei edizio digital duina sortzeko zein euskarazko beste komunikabideekin saretzeko tresna gisa. Une honetan, 13 webgunek osatzen dute TOKIKOM Plataformaren sarea, eta gaurko hitzarmenari esker, ATARIA.INFO izango da hamalaugarrena.

Sinatutako akordioaren arabera, ATARIA.INFO TOKIKOM Plataformako sarekide bihurtuko da. Hala, sarea osatzen duten beste 13 agerkariekin zein etorkizunean etor litezkeenekin konpartituko du interneteko estrategia eta garapenaren inguruko gogoeta. Izan ere, sare horren abantailarik handienetakoa agerkariak sortzeko erabiltzen duen motore komuna da. 14 webguneetan egin beharreko hobekuntza eta garapenetarako inbertsioak sarekideen artean konpartitzen dira, eta behin eginda, guztiek dituzte eskuragarri.

Alde biak oso pozik agertu dira hitzarmen berriarekin. Tolosaldeko Komunikazio Taldearen presidenteak nabarmendu duenez, “Elkarlanerako, ideia trukerako eta hausnarketarako foro oso garrantzitsu baten parte hartzeko aukera ematen digu. Bestalde, gure antzeko beste 13 hedabideekin partekatzen dugun teknologiaren garapenean eskuz esku ariko gara eta ahalak optimizatuko ditugu”.

TOKIKOMen aldetik, berriz, Urko Aristik azpimarratu du “oso pozgarria dela beste sare batzuetako hedabideak TOKIKOMera hurbiltzea”. Urte hasieran sortutako zarauzkohitza.eus-en ostean, ATARIA.INFO da Plataforman integratzen den TOKIKOMetik kanpoko bigarren medioa. Aristik adierazi duenez “esperientzia hauek oso bide interesgarria irekitzen dute, beste hedabide sareekiko elkarlana landu eta harremanak trinkotzeko. TOKIKOMen sorreratik bertatik elkarlan eta trinkotze hori izan ditugu helburu nagusien artean”.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.