Lan asko egiten da toki komunikabideetan. Asko eta ondo gainera. Baina gehienetan, toki komunikabideen izaera lokal horregatik hain zuzen ere, lan bikain horiek tokian tokiko publikoak baino ez ditu ezagutzen.

Dinamika hori aldatu eta medio txikiek egiten dituzten lan ederrak publiko zabalari ezagutarazteko asmoz, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak sortu ditu 2016an, toki komunikabideetan azken urtean egindako lanik onenak aitortzeko asmoz. 2016ko azaroaren 14an banatu ditugu sariok, TOKIKOM Jardunaldien baitan.

Ez da erabaki erraza izan. Epaimahaia osatzen zuten Alazne Aiestaranek, Goio Aranak eta Gaizka Arangurenek gogor egin behar izan dute lan, jasotako 104 proposamenen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena zeintzuk diren erabakitzeko.

Azalik onena

Hiruka Astekaria (Uribe-Kosta, Bizkaia), Txonbo egin, jaietan.

Bertoko euskalkitik ateratako esamolde batean oinarrituta, portada txukun eta dotorea garatu dute, udako ale bereziaren izaera oso ondo islatuz. Portadarako propio egindako argazkiak kalitate tekniko eta estetiko ukaezinak ditu, eta hor ere egilea, lekua eta protagonista ere bertokoak dira.

azala-hiruka_066-txonbo-egin

Ikus-entzunezkorik onena

Goiena Telebista (Debagoiena, Gipuzkoa), “Barruak Astintzen”.

Erietxe baten, ikastola baten eta toki komunikabide baten artean ekoitzitako dokumental hunkigarri honek lehen eskutik kontatzen digu lau egun elkarrekin pasa dituzten hainbat ikasle eta buruko gaixotasuna duten hainbat pertsonaren esperientzia. Lehen eskuko testigantzek indar handia ematen diote kontakizunari, eta alde teknikoa lantzean ere jarritako mimoak oso produktu erakargarria lortzen dute, berez gai delikatua dena patxadaz eta naturaltasun handiz azalduz.

Edukirik onena

Noaua Astekaria (Usurbil, Gipuzkoa), Udarregiren omenez.

Herriko efemeride baten kontakizunetik abiatuta, duela 50 urteko euskal kulturgintzaren argazki panoramiko ezin osatuagoa eskaintzen du, garaiko artea, bertsolaritza, Ez Dok Amairu eta beste hainbat elementuren egoera gogora ekarriz. Azpimarratzekoa da, gainera, Rikardo Arregik egindako hitzaldiaren transkripzioa, duen balio historiko zein izaera iraultzaileagatik.

udarregi-portada

Aipamen berezia

Baleike.eus agerkari digitala (Zumaia, Gipuzkoa), “Tapa pala!”.

Traineru denboraldiak iraun bitartean, Felix Aizpurua arraunzaleak 12 bideo laburrez osatutako sorta egin du, kirol hau hobeto ezagutu eta ulertzeko azalpenekin. Oso baliabide gutxirekin baina mimo eta kontu handiz, eta aurkezlearen ezagutza eta komunikatzeko gaitasuna aprobetxatuz, saio erakargarria eta oso didaktikoa egin dute, beste gai batzuetarako erraz egokitu litekeen formula erabiliz.

captura-de-pantalla-2016-11-14-a-las-01-29-20

 

Laguntzailea

Babesleak