Ezagutu gure finalistak!

Zuriñe Maguregik, Edorta Aranak eta Tania Arriagak osatu dute 2020ko TOKIKOM Sarien epaimahaia. Aurkeztu diren 52 lanen artean, bederatzi hauek aukeratu dituzte sarietarako finalista gisa.

Azaroaren 8ra bitartean, zabalik izan dugu aukera publikoak bere lanik gogokoena bozkatzeko. Bozka gehien jaso dituen lanak Komunitatearen Saria eskuratuko du. Harekin batera, beti bezala, azalik, edukirik eta ikus.entzunezkorik onenaren sariak ere banatuko ditugu laster. Adi egon!

TOKIKOM Sariak 2020. Finalistak. 1

Guaixe. 'Mozorratu zaitez gurekin'

TOKIKOM Sariak 2020. Azala. Guaixe aldizkaria: Mozorrotu zaitez gurekin
Epaimahaiari azpimarragarria iruditu zaio azala egunerokotik atera eta artelan bihurtzeko pausua: aktualitateko irudi bat egunerokotik harago eraman eta arte bihurtu du, teknika ezberdinak aplikatuz, eta irudiak eta tipografia bikain uztartuz

Maxixatzen. 'Auzoa arnas'

TOKIKOM Sariak 2020. Azala. Maxixatzen aldizkaria: Auzoa arnas
Argazkiak oso momentu zehatza harrapatzen du eta indar handiz jartzen du ikuslearen begien aurrean. Kontraesanez beteriko irudi bizia osatzen du: anabasa koloretsua, jendea etxean sartuta baina jai giroan… Argazkiaren konposizioak ere efektu hori areagotzen du, perspektibarekin egiten duen jolas bitxiarekin.

Puntua. ‘Suizidioa’

TOKIKOM Sariak 2020. Azala. Puntua aldizkaria: Suizidioa
Epaimahaiak nabarmendu du nola oso elementu gutxirekin eta era egokian konbinatuz, asko transimitzen eta iradokitzen duen azala sortzea lortu den. Ideia ona izateaz gain, exekuzioa ere bikaina da, eta emaitza oso dotorea, bolumenen konposizio orekatuarekin, eta soiltasuna erabiliz dramatismoa gehitzeko.

Anboto. 'Zaldibar'.

TOKIKOM Sariak 2020. Edukiak. Anboto aldizkaria: Zaldibar
Zaldibarko hondakindegiaren auzia ondo ulertzeko gakoak ematen ditu oso modu osatuan: kronika, kronograma, denbora lerroa, elkarrizketak, ikus-entzunezkoa… Kazetaritza lan aparta da, gertatutakoa ulertzeko oso argigarria, teknika eta estilo ezberdinak bikain uztartzen dituena.

Hiruka. 'Koronabirusa atzerrian'

TOKIKOM Sariak 2020. Edukiak. Hiruka.eus: Koronabirusa munduan
Epaimahaiak nabarmendu du paperaren logikatik aldendu eta informazioa modu bisualean, gailu digitaletatik ikusteko oso modu egokian plazaratzeko lana. Saiakera bisual horrek, gainera, ez dio kalterik ekarri edukiaren sakontasunari, eta hori ere aipatzekoa da.

Karkara. 'Najat Kaanache'

TOKIKOM Sariak 2020. Edukiak. Karkara aldizkaria: Najat Kaanache
Karkarak elkarrizketa borobila egin dio gure artean oso ezaguna ez bada ere, mundu mailan lehen lerroan diharduen sukaldari honi. Elkarrizketa bikaina da, pasadizo gogor samarrak kontatzen baditu ere, tono altu eta itxaropentsuan hasi eta bukatuz. Epaimahaiak goraipatu du elkarrizketatzailearen lana, hala pertsonajea aukeratzeko orduan, nola elkarrizketa osoan txinparta ateratzeko.

Aiurri. '#Bertsovid19'

TOKIKOM Sariak 2020. Ikus-entzunezkoak. Aiurri: #bertsovid19
Aiurrik lan ederra egin du konfinamenduak iraun duen bitartean komunitatea dinamizatzeko eta, ikus-entzunezko produktu gisa dituen mugen gainetik, txalotzekoa da formatua asmatzeko bizi eta azkar ibili izana, eta oso baliabide gutxirekin parte-hartze eta dinamika handia lortu izana.

Baleike eta Erlo TB. 'Marea errotaren arrastoaren bila'.

TOKIKOM Sariak 2020. Ikus-entzunezkoak. Baleike+Erlo: Marea Errota
Erreportaje bikain honek primeran jasotzen du herriko ondare historikoa. Lan handia sumatzen da pieza osatzeko orduan: dokumentazioa, artxibo lana, adituen parte hartzea… Osagai bikainekin borobildu dute ikus-entzunezkoa: droneko irudiak, elkarrizketak, ordenagailuz sortutako irudiak… lan-talde ederra zalantzarik gabe, emaitza azpimarragarria eman duena.

Guaixe. 'Batzen gaituena'.

TOKIKOM Sariak 2020. Ikus-entzunezkoak. Guaixe: Batzen gaituena
Aldizkariaren 25. urteurrena ospatzeko, Guaixek oso ikus-entzunezko berezia osatu du, oso jatorri ezberdineko piezak uztartuz: zuzeneko ospakizun ekitaldia, elkarrizketak, datuak, mugikorretatik bidalitako bideoak… Elementu horiek oso modu egokian konbinatzen asmatu dute, eta emaitza biziki interesgarria lortu, bizia eta, batez ere, gertukotasunarekin oso lotua.

Antolatzailea

Babesleak