TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Euskarazko hedabideen telebista saio bateratua Korrikaren hasiera eta amaieran

Korrikaren 20. edizioa abiatuko da martxoaren 30ean Otxandion. 1980. urtean jarri zituen lekuko batek lehen aldiz euskaldunak eta euskaltzaleak korrika, eta 17 urte geroago, hogeigarren edizioan ere, ez dira faltako hasiera horretako emozioa eta grina. Guztiok biltzen gaituen ekitaldi horren garrantzia aintzat hartuta, ohar hau sinatzen dugun euskarazko hedabideek irteeran eta amaieran, Otxandion eta Iruñean, elkarlanean telebista saio bateratu bana egitea erabaki dugu Korrikak gizartean duen babesaren adierazle.

Euskarazko hedabideen telebista saio bateratua Korrikaren hasiera eta amaieran 1Duela bi urte egin genuen tamaina horretako elkarlana lehen aldiz, Korrika Urepeletik abiatu zenean. Saioak izandako emaitza ona ikusita Bilboko amaiera ekitaldian berriro egitea erabaki genuen. Lekuko horri helduz, aurten ere berriro elkartuko gara TOKIKOM, Goiena Komunikazio Taldea, EITB, Berria, Hamaika Telebista, Kanaldude, eta Xaloa Telebista elkarlan horretan. Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko komunikabideok gure egiten ditugu euskararen aldeko ekitaldi honetan, herritarrak euskarara batzeko AEK-k egindako gonbidapena onartuz.

Otxandioko saioa martxoaren 30ean 16:00etan hasiko da. Hedabide bakoitzaren webgunean, ETB1, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta TOKIKOM elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahal izango da zuzenean. Ilaski Serrano ETBkoa eta Ekhiñe Atorrasagasti Hamaikakoa izango dira aurkezle, eta beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira. Elkarrizketak eta, batez ere, Otxandioko giroa eskainiko ditu saioak zuzenean. Korrikaren
lehen kilometroak ere jarraitu ahal izangao dira 20. Korrikaren abiatzea saioan.

Iruñekoa, berriz, apirilaren 9an izango da, eta hori ere hedabide bakoitzaren webgunean eta ETB2, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahal izango da zuzenean, eguerdian. Saio horretan azken kilometroak eta amaiera ekitaldia jarraitu ahal izango dira. 20. Korrika amaiera Iruñean izena izango du.
Elkarlanean

TOKIKOM
Goiena Komunikazio Taldea
EITB
Berria
Hamaika Telebista
Kanaldude
Xaloa Telebista

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.