TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Gurean App: tokiko informazioa geolokalizazioan oinarrituta

 

Goienako Mireia Larrañaga, Bedelkarreko Maitane Azkarate, Bergarako Udaleko Sabino Azkarate eta TOKIKOMeko Alaitz Artolazabal, Gurean App aurkezten.

Goienako Mireia Larrañaga, Bedelkarreko Maitane Azkarate, Bergarako Udaleko Sabino Azkarate eta TOKIKOMeko Alaitz Artolazabal, Gurean App aurkezten.

Bergarako Udalak, Bedelkar merkatarien elkarteak, Goienak eta TOKIKOMek Gurean aplikazioa aurkeztu dute Bergaran, beacon eta geolokalizazio teknologian oinarrituta, herritarrei, bisitariei zein tokiko eragileei zerbitzu eta informazio praktikoa eskaintzeko.

Bergarako kaleetan estrategikoki banatutako 50 beacon edo balizak osatutako sare bati esker, aplikazioa deskargatuta dutenek informazio xehea jaso ahal izango dute: tokiko merkatarien eskaintza bereziak, herria ezagutzeko ibilbide turistikoak, agenda eta programazio kulturala, tokiko albisteak...

Aplikazioaren lehen piloto hau proba fasean egongo da uztaila erdira arte proba fasean egongo da, eta Bergarako ekonomia, sustapen, enplegu eta turismo batzordeburu den Sabino Azkaratek herritarrak animatu ditu aplikazioa deskargatu eta euren ekarpenak egitera. Deskarga hori Bedelkarreko dendetan eta Bergarako eraikin publikotan jarritako QR kode bidez, web orriaren bidez, edota APP Store edo Google Play-en bilaketa eginez egin daiteke. Ekarpenak egin nahi dituztenek twitter bidez #GureanBergara traola erabili beharko dute.

Beste herri batzuetara esportatzeko egarriz

TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, azaldu duenez, asmoa da sistema Euskal Herriko beste herri eta eskualde batzuetara zabaltzea, Bergarako proba piloto honekin beharrezko hobekuntzak eta egokitzapenak zeintzuk diren ondo aztertu ostean. Artolazabalek eskertuta azpimarratu du Bergarako Udalaren zein Bedelkarren partetik lehen unetik aurkitu duen jarrera irekia eta berrikuntzak probatzearen aldekoa. TOKIKOMen iritziz, Gurean App eta tokian tokiko sare hauek bide bikaina izan daitezke toki komunikabideen kontsumitzaileei Euskal Herriko herri eta eskualdeak modu erakargarri eta berritzailean erakusteko. Goienaren aldetik, arlo komertzialeko arduraduna den Mireia Larrañagak ere nabarmendu du egitasmoak bete-betean egiten duela bat Goienaren misioarekin a, eta gaineratu du Tokikom heltzen den gainontzeko herrietara esportatzeko egitasmoa izan daitekeela.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.