TOKIKOMen presidentea, Jone Guenetxea, Alaitz Artolazabal zuzendaria, eta Goienaren presidentea Iban Aranzabal Francesc Fàbregas El Vallenc-eko zuzendariarekin bildu ziren, atzo, aldizkariak Tarragonako Valls herrian duen egoitzan. Fàbregas Associació Catalana de la Premsa Comarcal (ACPC) toki komunikabideen elkarteko presidentea da.
TOKIKOMen ordezkariek elkartasuna adierazi diote Fàbregasen lan taldeari, irailaren 9an Guardia Zibila El Vallencen instalazioak miatu eta Fábregasen ordenagailua eta hainbat dokumentu eraman ondoren. “Adierazpen askatasuna zalantzan jarri da azken egunotan Kataluniako hedabideetan izandako gertakariekin. Onartezintzat jotzen dugu adierazpen askatasuna ez errespetatzea”, dio TOKIKOMen presidenteak. TOKIKOMen ordezkaritzak aukera baliatu zuen Fábregasekin elkarrizketa luze eta mamitsua egiteko. Elkarrizketa hori Anboton eta TOKIKOMeko beste hainbat mediotan argitaratuko da asteon.
Informazio gehiago anboto.org-n