TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Aiurri aldizkariak eta 28 Kanala telebistak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Beterri-Buruntzako eta Beterri-Aiztondoko Aiurri tokiko hedabideak eta Tolosaldeko 28 Kanala tokiko telebistak lankidetza hitzarmena sinatu dute, TOKIKOM toki komunikabide taldearen babesean.

aiurri-28kanala hitzarmena
Ion Aldanondo (28 Kanala), Alaitz Artolazabal (TOKIKOM) eta Jon Ander Ubeda (Aiurri).

Sinadura ekitaldia bi komunikabideok azken hilabeteotan praktikan jartzen ari den lankidetza jendaurrean aurkezteko modua izan da. Urrutira joan gabe, joan zen martxoaren 15ean, Andoaingo Piano Jaialdiaren inguruko erreportaje zabala eskaini zuten 28 Kanalean. Gipuzkoa osoko ehunka piano-joltzaile hurbiltzen dira urtero Andoainera, eta erreferentzia saihestezina bilakatu da Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko musika eskolentzat. Garrantzia handiko jaialdiaren jarraipena egin ohi du Aiurrik. Aurtengoan, lanketa horri oihartzun handiagoa eman zaio 28 Kanalari esker. Horretarako, bereziki baliagarria izango da lankidetza hitzarmena. Sinadura ekitaldian hauexek izan ziren hiru eragileen adierazpenak.

Ion Aldanondo, 28 Kanala: “Aiurri eta 28 Kanala Aiztondoko herrietan lanean aritzen gara, eta hitzarmena praktikatik abiatu da. Elkarren berri dugu, Tokikomeko kide gara bi hedabideak eta internet sarean eta bideogintzan garatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dugu. Hasiera modukoa da, sinergiak aprobetxatuz gero, oraindik ere bide oparoagoa egin daitekeelako. Tokikomeko kideak gara biak, eta denontzat ere balio handiko hitzarmena dela esango nuke”.

Jon Ander Ubeda, Aiurri: “Lan errealetatik abiatu gara. Guretzat, esaterako, Andoaingo Piano Jaialdian egin dugun lanketa tokiko telebista baten bidez zabaltzea garrantzitsua da. Lankidetza horrekin jarraitu eta sakontzeko asmoa eta gogoa dugunez, lankidetza hitzarmena sinatzea eta publiko egitea garrantzitsua iruditzen zaigu”.

Alaitz Artolazabal, TOKIKOM: “Tokikom sortzearen oinarrietakoa elkarlana eta sinergiak aprobetxatzea da. Eta, hain justu, Aiurri eta 28 Kanala ezagutzak partekatuz eta formakuntzan sakonduz eredu horri segida ematen ari dira. Pozgarria da, osagarri diren euskarri informatiboak direlako. Aldamenean edukiko gaituzte, behar dutenerako”.

Informazio gehiago:

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.