Etengabeko berrikuntza da, zalantzarik gabe, komunikabideen sektoreko gaur egungo ezaugarri nagusia. Horretaz jabetuta, etengabeko joeren behaketari eta gogoetari emana dago TOKIKOM, Toki Komunikabideen Bateragunea.
Gogoeta hori konpartitzeko asmoz, euskarazko 60 toki komunikabide osatzen duten taldeak bi hitzordu garrantzitsu antolatu ditu datozen egunotarako:
Google, Marketin digitala, euskara eta toki komunikabideak Euskadin
Hilaren 17an, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den Jardunaldi azkar honetan, Marketin Digitalarekin lotutako hainbat gako aztertuko dira, euskarazko eta bereziki, tokiko medioen prismatik begiratuta beti ere: sakelakoek, euskarak, branded content delakoak zein Adwords eta antzeko zerbitzuek eskain ditzaketen abantailak, eta haietan oinarritutako arrakasta kasuak ere xehetuko dituzte Google, TOKIKOM, Kabia eta Only Media Webeko adituek, formatu trinko eta azkarreko saio batean. Parte hartzea doakoa da, eta izen ematea Googletik bertatik egin daiteke.
TOKIKOM Sariak
Handik 10 egunera, urriaren 27an, TOKIKOM Sarien banaketa ekitaldia izango da Usurbilen, Sutegi Auditorioan. Azken urtebetean toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak ez ezik, urteko euskarazko iragarkirik onena ere sarituko da bertan.
Aukera aprobetxatuz, TOKIKOMek hainbat aditu gonbidatu ditu toki komunikabideen etorkizunaz ikasteko. Alde batetik, Only Media Webeko Xavier Jimenezek publizitate eta marketin joera berrien inguruan jardungo du; eta bestetik Flandriatik etorritako Filip Vranckx-ek, Het Belang van Limburg bertako toki komunikabideak aro digitalera egokitzeko egindako bidea erakutsiko digu.
Ekitaldi hau ere doakoa izango da. Lekuen erreserba webgunean bertan egin daiteke.