Uztailaren 30az geroztik martxan da amezti.eus, Ultzamaldeko agerkari digitala. Ultzamaldeko Ametza euskara elkarteak bultzatuta, Ultzamako eta Basaburuko Udalen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, agerkariak bailarako Pulunpe hilabetekariaren eta Esan-Erran irratiaren tokiko informazio eskaintza osatuko du aurrerantzean. Irakurleen parte hartze zuzena ere bultzatu nahi du agerkari berriak, Komunitatea, Agenda, Zorion agurrak edo Zure iragarkiak bezalako atalen bidez.
Ultzamaldeko agerkari berria TOKIKOMek eta CodeSyntaxek sortutako TOKIKOM Plataforma erabiliz sortu da. Honezkero, 17 dira TOKIKOM Plataforma erabiltzen duten tokiko agerkari digitalak. Plataformak, besteak beste edukiak partekatu eta publizitatea elkarrekin modu bateratuan eskaini eta kudeatzeko aukerak eskaintzen ditu, eta, batez beste, 232.000 erabiltzaile izaten ditu hilabetero, Hekimen Analyticseko datuen arabera.