Joan den ostiralean egin zuten Andoainen Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien XXX. edizioko sari banaketa. Sariketaren urtemuga ospatzeko, ezohiko sari banaketa izan zen, eta epaimahaiak euskal kazetaritzaren azken 50 urteko 10 mugarri esanguratsu nabarmendu zituen.
Bada, hamar mugarri horietako bi TOKIKOMeko bazkideentzat izan ziren. Baztan-Bertizarana-Malerrekako Ttipi-Ttapa aldizkariarentzat lehena, toki komunikabideen aitzindari gisa: “Beran sortu zen, 1982an. Euskal Herriko zoko guztietan sortu diren bertze aldizkarien bide-erakusle espanturik gabea izan da urte hauetan guztietan“.
Bigarrena, berriz, Goienarentzat izan zen. Debagoienako komunikazio taldeak gaueko azken aipamena jaso zuen, “multimedia egitasmo osoa sortu eta euskarazko komunikazioan punta-puntako eredu bihurtzeagatik“. Goiena Komunikazio Taldearen zuzendari nagusiak, Iban Arantzabalek, toki komunikabideetan -eta bereziki TOKIKOMen- eguneroko borrokan dabiltzanei eskaini zien saria.
Hona ostiralean saritutako 10 mugarrien zerrenda osoa:
- Anaitasuna aldizkaria
- Zeruko Argia eta Argia
- Ttipi-Ttapa
- EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea
- EITB
- Elhuyar aldizkaria
- Euskaldunon Egunkaria / Berria
- Euskal Irratiak sarea
- Eibar.org komunitatea
- Goiena
Sarien inguruko informazio gehiago: Rikardo Arregi Kazetaritza Saria